© Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboa
Zuzenbide Fakultateko irakasle “faxistaren” kaleratzea exijitzeko mobilizatu dira gaur ikasleak. Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboak zehaztu duenez, ikastegi barruan egindako eserialdian, aurreikusita zegoen eskola etetea lortu dute, “Faxistak kanpora” lelopean. Sare sozialetan “jarrera erreakzionarioak” erakutsi ditu Lan Zuzenbideko irakasle horrek. “Izaera ultraeskuindarreko eta arrazistako” adierazpenak partekatu ditu, X plataformaren bitartez, mezu matxistak eta homofoboak tartean. Hainbat iturrien arabera, gaurko ekintza Ernaik hartu du beregain, eta EHUk gertatutakoa gaitzetsi du.
Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak, berriz, irakaslea kanporatzea exijitu du: “Unibertsitatean faxismoak ez dauka tokirik, unibertsitatean faxismoa borrokatu behar dugu. Diskurtso arrazista eta faxistak hedatzen ari diren honetan ezinbestekoa da ikasleok antolatu eta aurre egitea”, adierazi dutenez.
Dekanotzaren babesa
Hala ere, gaurko eserialdian zehar, “irakaslea ikasgela barruan babesteko jarrera” hartu du Dekanotzak, campuseko segurtasun-zaindarien laguntzaz. Ertzaintzaren furgoiak ere ikusi izan dira unibertsitatean.
Gauzak horrela, “faxistak babestea” leporatu diote Dekanotzari ikasteek, eta “ardurak hartzeko” eskatu diote. Bitartean, sare sozialen bidez mezu probokatzaileak zabaltzen segitzen du irakasleak, Leioatik! komunikazio-proiektuaren arabera.
Erantzun irmoa
Irakaslea ikasgelatik atera da segurtasun-zaindariek lagunduta, ikasleek “faxista” deituz inguratzen zuten bitartean. Hurrengo astean irakasleak dauzkan eskolak aurrera jarraituz gero, “erantzun irmoa” emango duela ohartarazi dute ikasleek.