2024/09/11

Eñaut eta Joseba Alvarez: “Adierazpen askatasuna ukatzen denean, Donostia Mozal Hiria bilakatzen da”

eñaut-joseba-alvarez
© Joseba Alvarez

2023ko San Sebastian bezperan Alde Zaharreko Plaza Berrian presoen etxeratzearen aldeko pankarta bat ipintzen saiatzeagatik, iazko maiatzean 750 euroko isun bana jaso zuten Joseba eta Eñaut Alvarez aita-seme donostiarrek. Horrez gainera, deklaratzera deitu zituzten. Bada, zigor eskaera jaso dute orain: urte eta erdikoa Eñautek eta bi urte eta erdikoa Josebak. Epaiketa egunaren zain daude. 

Euskal preso politikoen etxeratzea aldarrikatzeagatik kartzelaratu nahi zaituztete. Euskal Herrian ez al dago adierazpen askatasunik? 

Eñaut Alvarez: Estrategia politiko-militarrak baldintzaturiko ziklo politikoaren amaieraren ostean, Euskal Herria oso bestelako testuinguru soziopolitiko batean dago egun. Hau da, konfrontazio militarrik gabe, estatuentzat ezinbestekoak ziren tortura sistematikoak, ilegalizazioak edota espetxeratze masiboak ahanzturaren kutxan gorde nahi dituztela dirudi (inoiz gertatu ez balira bezala). 

Honek, ordea, ez du esan nahi errepresioa desagertu denik; ezta atzoko mugimendu iraultzailearen kontra baliatu zituzten teknikak etorkizun hurbilean erabiltzeari uko egingo diotenik ere. Ez dezagun ahaztu gaur, atzo bezalaxe, Euskal Herriak militarki okupaturiko lurraldea izaten jarraitzen duela, inposaturiko lege, epaitegi eta indar armatuen menpe. 

Alabaina, ziklo politiko berri honetan elkarbizitzaren aldeko mezuak gailentzen diren bitartean, Europako eta mundu osoko testuinguru historikoari erantzunez, errepresio mota ezberdinak eguneratu dituzte espainiar eta frantziar estatuek: batetik,, alor juridikoan, Mozal Legea edota Kode Penalaren erreformaren bidez, besteak beste. Eta, alor sozialean, indar errepresiboak hornitzeko inbertsioak eta zuriketa kanpainak biderkatuz edota garapen teknologikoa baliatuz kontrol sozialerako tresna berriak sortzeko; hala nola, adimen artifizialeko kamerak, informazio gordailu eta datu baseak indartsuagoak, jarraipen eta zelatatzeko tresna digital berriak, eta abar. 

Ondo dakigu euskal herritarrok estatu-aparatua kolore guztietako indar errepresiboak eta forma guztietako mekanismo errepresiboak baliatzeko prest dagoela menderakuntzan oinarrituriko sistemaren baitan ordena soziala mantentzeko; horretarako haien neurrira sorturiko legea urratu behar badute ere. 

Joseba Alvarez: Bederatzi urte pasa dira Madrilgo Kongresuan PPek bideraturiko Mozal Legea onartu zenetik eta argi eta garbi erakutsi du Eskubide Sozial, Zibil eta Politikoei frenoa jartzeko tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua izan dela Estatu espainolarentzat zein botere ekonomiko kapitalistarentzat. 

Donostian ere, Euskal Herri osoan bezala, Mozal Legea pairatu dute bestelako Euskal Herri eta mundu baten alde borrokan eta lanean dabiltzan eragile sozial, sindikal eta politikoek. Ez da euskal preso politikoen gaiari dagokion erasoa, orokorra da. Donostian ere ehunka izan dira Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jarritako isunak, Mozal Legea eta Mozal ordenantzari esker: Catalunyako erreferenduma, 200 euro; tsunami demokratikoa, 500 euro; hauteskunde politikoak, 200 euro; turismoa, 600 euro; euskal presoak, 500 euro; errauskailua, 400 euro; gaztetxea, 400 euro; euskara aritzea, 600 euro; G7 EZ 400 euro; Venezuela, 700 euro; ekintza sindikala, 300 euro; Askekintza, 7.200 euro; maitasun erromantikoa, 400 euro; desobedientzia, 600 euro; Munilla, 700 euro; makro epaiketa, 150 euro... beste askoren artean. 

Ekologistak, feministak, langabetuen elkarteak, migrazioaren eremukoak, etxebizitzakoak... denak izan gara zigortuak. Argi dago ez dagoela adierazpen askatasunik Donostian. Mozal Hiria da bizi duguna, bere Mozal Ordenantzarekin. 

Hori salatzeko bat egin zuten duela hilabete, besteak beste, Satorralaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gure Esku Dago, Bizilagunekin, Bilgune Feminista, Bake Ekintza Antimilitarista, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Ernai, ELA, LAB, Steilas, ESK, EH Bildu, Sortu, Equo Gipuzkoa, Podemos, Tabernarien Plataforma, Sare Antifaxista eta Karta Soziala eragileek, Piztu Donostian antolatutako protestaldian. 

Aurretik isuna jaso zenuten. Bada, zertara dator orain kartzela-zigor eskaera? 

E: Euskal Herriko auzo eta herrietako jaiak festarako eta aldarrikapenerako espazioak izan dira beti, biak jai giroan uztarturik. Donostiako San Sebastian eguna ez da salbuespena eta ohikoa da aldarrikapen ezberdinak hiriko kale eta plazetan presente egotea. Hala, urte askotan egin dugun moduan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxean dauden lagun eta senideen etxeratzea aldarrikatzen zuen bandera zintzilikatzeko asmoz bertaratu ginen Plaza Berrira hainbat herritar. 

Bandera ipintzeari ekin genionean, aldarrikapen ezberdinak jartzea debekatua dagoela esan eta errefortzuak eskatzearekin batera, herritarron aurka oldartu ziren Plaza Berrian zeuden udaltzainak. Borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean, bandera jartzen ari ginen herritarron aurka egin zuten poliziek. Azkenean, laban bat baliatuz banderaren soketako bat moztea lortu zuten, hori ipintzea ezinezko eginez. Hori da gertatu dena, ez besterik. Berez, falta administratibo hutsa dena, atentatu bihurtu dute, gu kartzelara bidean jartzeko. 

Oso larria deritzogu kalean aldarrikapen ezberdinak jartzen ari diren herritarren aurka poliziak era honetan ekitea, baina are larriagotzat jotzen dugu gertaerak judizializatu eta herritarren aurkako ondorio penalak bilatzea. Adierazpen askatasunaren eta oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako beste gertaera baten aurrean gaudela salatu nahi dugu berriro ere. 

J: Batetik, Mozal Legean oinarritutako zigor administratiboa jarri digute: 750 euro bakoitzari. Eta bestetik, Penaletik jo dute kartzela zigorra eskatuz. Garbi dago beraien aldeko zigor eredugarria lortu nahi dutela. Isunei erantzuteko, erresistentzia-kutxa eratu genuen Piztu Donostia taldearekin eta jakin badakite isunen bidez ez gaituztela geratuko. Ondorioz, gogorrago jo dute gu ezerezteko asmoz, besteak beste, espetxe-zigorra jarriz. 

Egun horretan, udaltzainen jarrera bortitza izan zela salatu duzue. Ez al du horregatik inork erantzun beharrik? 

J: Tamalez, Euskal Herrian ez da horrelakorik Inoiz ikusi. Cabacasen kasua argigarria izan da horretan. Zoritxarrez, inpunitatea da nagusi segurtasun-indar guztien jardueren aurrean eta klase politikoa da horren arduraduna. 

Zer esango zeniekete aldarrikapenak jaietatik eta kaleetatik atera nahi dituzten horiei? 

J: Gauza legalak ez dutela berez zergatik justuak izan behar esango nieke. Eta justua ez dena ez dela onartu beharrik. Justizia eta legea bat ez badatoz, justiziaren alde jo behar dela esango nieke. Horretan datza desobedientzia zibilaren oinarria. Izan ere, arazoa ez du desobedientziak sortzen, justiziari gabeko obedientziak baizik. 

E: Hain zuzen, 2010eko urriaren 1ean egindako Gizabideari buruzko Udal Ordenantzaren 42.2 artikuluaren modifikazioaren bitartez bihurtu dute zentsura politikoa posible: 

“42.2. Queda prohibido, en tal sentido, salvo autorización municipal expresa, colocar cualquier tipo de anuncio en fachada de edificios públicos o privados, porches, marquesinas, mobiliario urbano, arbolado, muros, túneles, pasos subterráneos. Sin embargo, en los lugares especialmente habilitados por la Ordenanza reguladora de la instalación de vallas publicitarias y siempre que la publicidad no esté apoyada o levantada en un soporte estructural, bastará la comunicación previa para la instalación del elemento publicitario. De igual modo, se prohíbe poner en los mencionados lugares cualquier clase de pegatina,cartel, pasquín, pancarta o banderola de carácter político o de otra índole…” 

Beraz, 2010eko urriaren 1ean Udal Ordenantza aldatu zen, eta propaganda politikoaren zentsura legeztatu. 

Herri eragile ezberdinen ekimen soziopolitikoa da pankarta jartzearena, Donostiak, Euskal Herriak zein munduak bizi dituen arazoen ispilu dira. Adierazpen askatasuna ukatzen denean, Donostia Mozal Hiria bilakatzen da. 

Kartzela-zigorra jasotzeko arriskuan egonda ere makurrarazi egingo zaituztete? 

E: Argi dago, “garai berriak” izanik ere, militantzia politikoa kriminalizatzen jarraituko dutela estatu aparatuek, bake faltsuaren eta segurtasunaren izenean. Hala ere, eta aurreko belaunaldiek erakutsi duten moduan, errepresioa moldatu edota gogortu arren, geldituko gaituztela uste badute, jai daukate. Izan ere, aske izan nahi duenak ezin du onartu inposaturiko kateen menpe bizitzea. Hori bai, errepresioari modu kolektiboan eta elkartasun antolatuaren bidez erantzun ezean, hau da, edonork jasotzen duen kolpe bakoitzari elkarrekin erantzun ezean, gureak egin du. Eta honek mugimendu iraultzaileen arteko desadostasun edo kontraesan politikoen gainetik herri langilearen batasuna eskatzen du.