![]() |
| Irurak Bat etxearen eraisketak utzitako orubea / © Getxoko EH Bildu |
Ez dirudi Getxoko Udal Gobernuak osatzen duten alderdi bien arteko harremanak unerik gozoenak bizi dituztenik. Are gutxiago, EAJren udal bozeroalea eta beste zinegotzi jelkide bat babestutako Algortako Irurak Bat etxea baimen barik bota zuen Ereaga Atalaya kooperatibako kideak direla lau haizetara zabaldu ostean. Bertan, luxuzko etxebizitzak altxatu gura dituzte. Bada, EAJren gobernukide Getxoko PSE-EEk ez du begi onez hartu Udalak arrastiko azken orduan prentsa-oharra zabaldu izanagaz. PSEren ustez (espainolez), “azkarregi” doa EAJ, informazio hori zabalduta, “eraikina bota zuen enpresari zabaldutako espedientearen nondik norakoak oraindik azaldu ez” dizkiolako. Irailaren 19an izango den Lurralde Batzordearen “emaitzen” zain daude PSE-EEkoak.
Getxoko Udalaren prentsa-oharra
Udal Gobernuko kideen artean ez ezik, Getxoko EAJren baitan ez dirudi giroa lasaia denik. Tokiko erakundeak hiru egun behar izan ditu adierazpen ofizialak egiteko, bolo-bolo dabiltzan prentsa-informazioen eta zurrumurruen aurrean. Hala ere, Irurak Bat etxea “Udalari jakinarazi barik” bota zuen enpresari zehapen-espedientea zabaldu diola iragartzeaz gain, bere burua eta Ereaga Atalaya kooperatibako kide diren Getxoko EAJko kide biak errugabetzeko baliatu du gaurko prentsa oharra Udalak.
Bertan berbaz berba irakur daitekeenez:
“Edozein espekulazio edo interpretazio oker alde batera utzita, Udalak etxebizitzak eraikitzeko beste edozein antzeko kasutan jokatu duen modu berean jokatu du. Era berean, adierazi nahi du, kooperatibista gisa, eragindako bi zinegotziek EZ dutela administrazio-prozeduran parte hartu”.
Horregaz batera, eraikinak zeukan babes-maila gutxietsi du Udalak, ondokoa aipatuz:
"Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute eraikina babestu daitekeen ondasun arkitektoniko edo urbanistikotzat jotzen. Udala bera izan zen, 2001eko HAPOren baldintzen arabera, ondasuna “Udal Zaintza” araubidearekin kalifikatu zuena. Horrek esan nahi du Udalak eraikineko elementuak mantentzea edo birgaitzea zaintzen duela, nahiz eta Udal Zaintza edukitzeak ez duen eragozten eraistea edo osorik birgaitzea".
Besteak beste, Hiruka.eus agerkari digitalak eman dio ahotsa Ereaga Atalaya kooperatibari. Algortako San Nikolas kaleko 11 zenbakian luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko ardura du horrek. Bada, abuztuan Irurak Bat eraikina “urgentziaz” bota behar izan zutela adierazi omen du, “maiatzean hodi baten apurketak eragin zuen uholde baten ondorioz”. Ereaga Atalaya aitortu ei du hasierako lizentziak ez zuela hori aurreikusten, baina, “arriskuak ekiditen aldera”, obren zuzendariak erabaki hori hartu zuela. Hala ere, dirudienez, fatxada bere ikuspegi originalean berreraikiko asmoa dauka.
Kooperatibako kideak diren Getxoko EAJko zinegotzi biei buruz, “promozioaren erabaki eta kudeaketa tekniko-juridikoetan ez” dutela parte hartu omen dio Ereaga Atalayak. Horren guzti horren argibideak irailaren 19ko Lurralde Batzordean eman beharko ditu Udalak.
