Otsailaren 7an 88 urte beteko dira EAJren eta EAE-ANVren arteko partida jokatu zenetik Bilboko San Mames futbol-zelaian, 1936ko gerran, Bizkaia eta Gipuzkoa nazi-faxisten erasoaldietatik babestuko zuen hegazkin bat erosteko dirua ateratzeko asmoz. Hori gogoratzeko, eguazten honetarako, otsailaren 5erako, solasaldia antolatu du Sare Antifaxistak, 19;00etan, Bilbo Zaharreko Arroka Herri Tailerrean. Horretan hitza hartuko dute Eduardo Renobales eta Joseba Gotzon historialariek.
“Txato” Iraragorri Athletic Clubeko aurrelaria eta gudari ekintzailea izan zen EAE-ANVko kideen eta Eusko Gudarosteko EAJko borrokalari batzuen arteko futbol-partida baten erronka plazaratu zuena, “Tierra Vasca” egunkariaren bidez, armak erosteko dirua biltzeko asmoz, Eduardo Renobales historialariak azaldu duenez. Kasu honetan hegazkin bat, “Espainiako matxinatuek eta haien mertzenario alemaniar eta italiarrek menderatutako euskal aire-espazioa babesteko ezinbestekoa”.
Hala ere, Joseba Gotzon ikertzaileak azpimarratu duenez, ez zen jokatutako partida bakarra izan, “MediterrĂ¡neo aldean ez bezala, norgehiagokak bertan behera utzi ziren lurraldean”. Hala, “1937ko lehen hilabeteetan ANVren eta Euzko Gudarostearen arteko hiru norgehiagoka antolatu ziren, baita Gipuzkoa eta Bizkaiko selekzioen arteko beste bat ere”.
Bonbardaketa bortitzak
Lehen partida horren iragarpena urtarrilaren 17an izan zen, Itsasadarraren inguruan faxistek bonbardaketa bortitzak egin eta bi astera, batez ere Bilbon, ia hutsik zegoen hirian. “Kirol-ekitaldi hutsetik urrun, eta nabarmentzea komeni da,
Jose Antonio Agirre lehendakariari ideia bikaina iruditu zitzaion hainbat arrazoirengatik. Ihesbide gisa balio zuen atzeguardian (eta frontean bertan) gerrak ezartzen zuen errutina mingarriaren aurrean. Ihesbide eta distrakzio-balbula bat zen, jende arrunta inplikatzen zuena, egoeraren aktore pasibo izateari utziz”, azaldu du Renobalesek.
Horri propaganda puntu-lana gehitzen zitzaion: alde batetik faxismoaren aurkako Euskal Herriaren borroka ezagutarazteko; eta bestetik, munduari herri honen balioak irakasteko: “balio tradizionalak, desberdinarekiko; errespetukoak; izan ere, Erlijioak eta Gurutzadak baldintzatutako gerra batek bidegabeki erasotutako herri gisa aurkezten zituen euskaldunak”, Zierbenako historialariaren berbetan.
Bitartean, Joseba Gotzonek nabarmendu duenez, “garai zailak ziren Euskal Herrian. Eragina berehalakoa izan zen. Milaka lagunek erantzun zioten deiari, zeuzkaten ondasun guztiak eskainiz”.