2024/09/24

Egueneko udal batzarrean jarraituko du Irurak Bat etxearen eraisketaren gaineko eztabaidak

240919-getxo-lurralde-batzordea
Irailaren 19an egin zuten Algortako Irurak Bat etxearen eraisketari buruzko Lurralde Batzordea / © Getxoko Udala

Getxoko Lurralde Batzordearen irailaren 19ko bilkuran ez zuen argibide handiegirik eman Alvaro Gonzalez (EAJ) Hirigintza zinegotziak. Lau orduz luzatu zen batzarrean, ia-ia Algortako Irurak Bat etxearen eraisketa-lanen berri ez zeukatela berriro esatera baino ez zen mugatu udal agintaria. Dirudienez, Gonzalezek adierazitakoak nahikoak izan ziren jelkideen gobernukide PSE-EErentzat. Batzarrera erretxinduta joan ziren. Baina, ordutik ez dute gaiari buruz ezer gehiago aipatu. Oposizioko alderdiek, ordea, “ez nahikotzat” jo zuten bilkura. Eguen honetako (hilak 26) udal batzarreko, presazko mozio bana aurkeztu dutela iragarri dute jada PPk eta Ahal Duguk.

Algortako Irurak Bat etxearen eraisketari buruzko eztabaidak egueneko (irailak 26) udal batzarrean jarraituko du. Batetik, hilaren 19ko Lurralde Batzordearen bilkura “porrota” izan zela adierazi du Getxoko PPk. Eskuindarren ustez, “zalantza eta susmo gehiago sortu zituen”. Hala, presazko mozio bat aurkeztu dute “ezohiko ikerketa-batzorde bat” sortzeko eskatuz. Honako helburu hauek izango lituzke horrek: “Gertatutakoa argitzea, azalpen argiak eman daitezela, kasuan inplikatutako guztiak ager daitezela eta ahalik eta gardentasun handiena bermatzea”. Halaber, EH Bilduk, PSE-EEk eta Ahal Duguk bere mozioari baiezkoa ematea espero duela gaineratu du PPk. Aipatzekoa da popularrek ez dutela inoiz horixe bera egiten subiranistek aurkeztutako proposamenakaz. 

Gainera, gutxienez, Getxoko Ahal Duguk ere presazko mozioa aurkeztu du. Ezkertiarrek azaldu dutenez, “EAJ eraispenaren ikerketa oztopatzen ari denez, oposizioak ezohiko batzordeak deitzea proposatzen dugu Irurak Bat eraikinaren eraispena eta Hirigintza Arloaren funtzionamendua ikertzeko”. 

Ez da kasu isolatua 

Azkenik, nahiz eta Getxoko EH Bilduk horren gaineko baieztapenik ez plazaratu, mozioa aurkeztuko zuela adierazi zuen, hilaren 19ko bilkuraren ostean. “Batzordean argi geratu da Getxoko Udal Gobernua ez dagoela prest gure herriko ondare historikoa babesteko”, aipatu zuten egun horretan. Egoera horren aurrean, mozioa aurkeztuko zutela iragarri zuten, “babestutako eraikinen kopurua handitu eta euren eraisketa eragozteko”. 

Izan ere, subiranisten ustez, Irurak Bat eraistea “ez da kasu isolatua”. Azken urteotan dozenaka eraikin historiko eraitsi dituzte Getxon; horietako batzuk babestuta zeuden. “Zoritxarrez, EAJ-PP-PSE hirukoak onartu duen HAPO berriak eraisketa gehiago aurreikusten ditu”, kritikatu dutenez. 

Udal batzarra zuzenean 

Eguen honetako Getxoko Udaleko ohiko osoko bilkura 09:30ean hasiko da. Zuzenean jarraitu ahal izango da hemen sakatuz.