![]() |
| Gaurko kalejira Itzubaltzetan / © Subflubiala Ez! |
Gaur eguerdian egin duten kalejiraren bitartez, bukatutzat eman dute Getxo eta Portugalete arteko itsasadar azpiko errepidearen kontrako kanpaldia. Zapatu eta domeka artean, lagun ugari batu da Itzubaltzeta/Romoko Artatza parkean egindako ekitaldietan eta Subflubiala Ez! plataformak horiei denei eskerrak gura izan dizikie, baita kanpaldia posible egin duten guztiei ere: txandalariei, musikariei, bertsolariei, ipuin-kontalariei... Antolatzaileen arabera, "arrakastatsua" izan da. Hala ere, hori bukatu izanak ez du esan gura subflubialaren kontrako borrokari amaiera emango diotenik. Otsailaren 8an ipini dute hitzordua: manifestazio "handia" egingo dute Bilbon.
Errepide berri horretan 450 milioi euro baino gehiago xahutuko dituzte, ”autoaren erabilera sustatuz”, Subflubiala Ez! plataformak salatu duenez. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak berak onartu zuen proiektua idazterako orduan azpiegiturak trafikoa %33 handituko duela; “bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko egin behar dugunaren kontrakoa, hain zuzen ere”.
