![]() |
| Artatzan bertan egin dute kanpaldia iragartzeko prentsaurrekoa / © Sare Antifaxista |
Bizkaiko Foru Aldundiak 2025ko udaberrian hasi gura ditu Getxo eta Portugalete arteko itsasadar azpiko errepidearen lanak. Subflubiala Ez! plataformak ohartarazi duenez, gutxienez 4 urte iraungo lituzkeen obra honek “kalte nabarmenak” eragingo lituzke. “Alde batetik, Artatza parkeko 3,5 hektarea inguru kaltetuko lirateke, bertako zuhaitz guztiak moztuz. Gainera, Artatza-Romo institutuko patioaren zati bat hartuko litzateke, eta zarata eta kutsadura (indusketak, kamioien trafikoa...) nabarmen handituko lirateke, ikasle zein zentroko langileei kalte oso nabarmenak eraginez. Ikastetxearen biziraupena bera ere zalantzatan jarri ahalko luke azpiegitura honek, matrikulazioak nabarmen jaitsiz. Inguruko bizilagunengan ere eragin negatibo nabarmenak izango ditu, baita Romo eskolan ere”, zehaztu dutenez. Hain zuzen ere, Artatza parkea bera aukeratu dute gaur arrastian herritar zein eragile ugari batu dituen prentsaurrekoa egiteko. Bertan egingo dute kanpaldia, zapatu eta domekan.
“Auto pribatuaren erabilera bultzatzen duten makroproiektuetan inbertitu beharrean, garraio publikoari eta bizikletari eman beharko litzaieke lehentasuna. Energia eta material eskasia gero eta handiagoa den testuinguru honetan, makroegitura berrien eraikuntza trantsizio ekologikoaren eta zentzu komunaren aurka doa. Beharrezkoa da neurriak hartzea CO2 emisioak ahalik eta gehien murrizteko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko”, azaldu dute gaurko prentsaurrekoan.
Honengatik denagatik, subflubiala bertan behera gelditu arte mobilizatzen segituko dutela ohartarazi dute.
Ikusi egitarauaren kartela Herri Panelean.
