![]() |
| © Ecuador Etxea |
Urtero legez, "Itsasoak dakarkiguna" performancea egin du gaur eguerdian Ongi Etorri Errefuziatuak (OEE) taldeak, Algortako Ereaga hondartzan. Gure hiriak eta herriak "harrera-lur" izatea gura du OEEk, gurera iristen direnek baldintza duinetan bizi daitezen, udal-errolda eskura dezaten, oinarrizko eskubideak bermatuta izan ditzaten, hala nola osasun-txartela, adingabeen eskolatzea, Lanbideko ikastaroak egiteko aukera edo oinarrizko gizarte-prestazioak. "Zuzenean eskatu nahi diegu gure udalei, Uribe Kostako Mankomunitateari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, gizarte zibilarekin batera, behar diren baliabide guztiak jar ditzaten gure hiriak eta herriak harrera-leku eta bizikidetzaren eta inklusioaren benetako eredu izan daitezen, eta inor kalean utz ez dadin", esan dutenez.
Gaurko antzezpenaren bidez, OEEk gogorarazi du "adi egon behar dugula batez ere eskuin muturretik eta horren politikak aplikatzen dituzten zenbait gobernutatik bultzatutako erasoaldiaren aurrean", haiek direlako "diskurtso xenofoboak eta gorrotozkoak" zabaltzen dituztenak, "beldurra eta segurtasun ezaren sentsazioa" sortzen dutenmak herritarren artean, "kolektiboak eta pertsonak estigmatizatzen" dituztenak beren jatorriagatik edo azal koloreagatik, eta "elkartasuna zigortzen" dutenak, adibidez, itsas-salbamenduko itsasontzien lana eragotziz, Aita Mariren kasu.
Egoera horren ondorioz, "bide legal eta seguruak" eskatu dituzte "iragaitzazko pertsonentzat", baita "harrera-politika errealak" ere, "Erregulazioa Orain eskaera kontuan hartzen dutenak" zein Atzerritarrei buruzko Legea ezabatu eta Migrazio eta Asilorako Europako Ituna indargabetu egiten dituztenak. Izan ere, azken honitun horrek eskubideen urratzeak lege bihurtzen du, besteak beste, pertsonak bere herrialdeetara "beroan" itzultzea bermatuz.
Gaurko ekitaldian irakurritako adierazpena:
Beste behin ere, Ereaga da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren aldarrikapenaren eszenatokia; honako honetan iragaitzazko pertsonentzat bide legal eta seguruak eskatzeko, baita harrera- lurraldeetan beren eskubideekiko errespetua ere. gehiegitan Europara iritsi nahi dutenen hilobi bihurtu den itsasoari begira, gerrak, baliabideen ustiapena gosetea eta muturreko pobrezia sortzen dituzten politikak salatzen ditugu, migrazioen oinarrian daudenak eta etorkizun hurbilean areagotuko direnak. Bizitzaren aurka dagoen migrazio-eredu bat salatzen dugu. Pertsona migratzaileekiko esplotazioa eta tratu txarrak, abusuak eta indarkeria arrazista global eta instituzionala salatzen ditugu.
Azpimarratu nahi dugu adi egon behar dugula batez ere eskuin muturretik eta horren politikak aplikatzen dituzten zenbait gobernutatik bultzatutako erasoaldiaren aurrean. Diskurtso xenofoboak eta gorrotozkoak zabaltzen dituzte, beldurra eta segurtasun ezaren sentsazioa sortzen dute herritarren artean, kolektiboak eta pertsonak estigmatizatzen dituzte beren jatorriagatik edo azal koloreagatik, eta elkartasuna zigortzen dute, adibidez, itsas salbamenduko itsasontzien lana eragotziz, Aita Mariren kasu.
Beste behin ere, bide legal eta seguruak eskatzen ditugu iragaitzazko pertsonentzat baita harrera- politika errealak ere, Erregulazioa Orain eskaera kontuan hartzen dutenak, Atzerritarrei buruzko Legea ezabatu eta Migrazio eta Asilorako Europako Ituna indargabetu egiten dituztenak; izan ere, azken honek eskubideen urratzeak lege bihurtzen, besteak beste pertsonak beroan itzultzea.
Argazkiez eta promesez haratago, gure hiriak eta herriak harrera-lur izatea nahi dugu, pertsona guztiak baldintza duinetan bizi ahal izateko, eta kalean lo egitera behartuta ez egoteko. Gainera, udal-errolda eskatzen dugu gure udalerrietan bizi diren pertsona guztientzat. Errolda ez da paper bat, eskubide askotarako sarbidea baizik. Erroldarik gabe oso zaila da osasun-txartela izatea, adingabeak eskolaratzea edo Lanbideren ikastaroak eta oinarrizko gizarte-prestazioak eskuratzea.
Horregatik, oraingoan zuzenean eskatu nahi diegu gure udalerriei, Uribe Kostako mankomunitateari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, gizarte zibilarekin batera, behar diren baliabide guztiak jar ditzaten gure hiriak eta herriak harrera-leku eta bizikidetzaren eta inklusioaren benetako eredu izan daitezen, eta inor kalean utz ez dadin.
Inor ez da ilegala: eskubide guztiak pertsona guztientzat!
