2024/09/11

Aghata Libano (Silviaren abokatua): “Justizia ezin da izan botereak egia manipulatu eta errudunak babesten dituen antzeztokia”

231004-silvia-epaiketa-bilbo
2023ko urriaren 4an epaitu zituzten Silvia eta bera jipoitu zuen ertzaina / © Getxoko EH Bildu

2018an Silvia izeneko boliviar jatorrizko Algortako emakumea Neguriko komisarian jipoitzeagatik zigortutako ertzainaren defentsa Eusko Jaurlaritzak hartu zuen bere gain, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak aitortu duenez. Lakuak orain arte baieztatu ez arren, jakina zen. Nabarmenena da Zupiriak ezetsi egin duela aurrez Josu Erkoreka sailburu ohiak esana: Jaurlaritzak ez zuela prozesuan parte hartu. Bada, Aghata Libano Silviaren abokatuak azpimarratu du “behingoz” bost urte eta erdiz salatzen ibili dena baieztatu egin dela; “atestatua faltsutu, frogak sistematikoki zein nahita estali eta ikertu ez izana”, alegia. Hori dela eta, letraduaren ustez, “estalketa horretan inplikatutako bakoitzak kontuak eman” beharko lituzke. 

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako kideei egindako galderak erantzuten dabiltza gobernuko arduradunak. Azkenetako bat da 2018an Neguriko ertzain-etxean atxilo zeukaten emakume bat jipoitzeagatik zigortutako ertzainaren auziari lotutakoa. Koalizio subiranistak Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari galdetu zion ea polizia haren defentsak zenbateko kostua izan zuen Eusko Jaurlaritzarentzat, eta Zupiriak erantzun du ez zuela kosturik izan, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek bere gain hartu zutelako defentsa. Hala, ezetsi egin du aurrez Josu Erkoreka sailburu ohiak esana: Jaurlaritzak ez zuela prozesuan parte hartu. 

Horri erantzunez, Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunen “gezurrek” egia estaltzerik ez dutela izan adierazi du Aghata Libano Silviaren abokatuak. Horri lotuta, letraduak “eskandalagarritzat” jo du “ikertzaileek rolak alderantzikatu izana, bere ekintzak estaltzeko Silvia, benetako biktima, aulkian eseriz eta zigor neurrigabeak eskatuz”. Gogoratu behar da zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu zuten Silviarentzat, “erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua” egotzita. Azkenean, ertzainari sei hilabeteko espetxe-zigorra ipini arren, Silviari 540 euroko isuna ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, “agintaritzako agenteei desobeditzea” egotzita; baita epaiketaren kostuak ordaintzea ere. 

“Gobernuak baliabide publiko mugagabeak erabiltzen zituen bitartean, Silviaren defentsa ofiziozko txandaren aurrekontu eskasaren mende zegoen, justiziako baliabideak eskuratzeko orduan dagoen desberdintasun larria agerian utziz”, gaineratu du Libanok. 

Abokatuak salatu duenez, “2024an, ikusten dugu boterea oraindik erabiltzen dela gobernuaren ekintzak estaltzeko, babestu beharko luketenak eskrupulurik gabe birbiktimizatuz”. Amaitzeko ondoko hausnarketa egin du Libanok: “Ez dakit Silviaren lekuan jartzeko ere gai ote liratekeen. Egia estaliko lukete eta erasotzaileak babestu, kaltetua familiako norbait balitz? Hau al da eraiki nahi duten gizarte mota? Justizia nor zaren eta ez zuzena zer den kontuan hartzen duen gizarte bat nahi dugu? Gure oinarrizko printzipio demokratikoen perbertsioa da”. 

Gertaerak 

Silvia bere senarraren zain zegoen Algortako supermerkatu baten ataurrean, 2018ko maiatzaren 26an. Dirudienez, etxerik gabeko gizonezko bat zegoen bertan eta, saltokiko arduradunek poliziari deitu ei zioten, jendeari traba egiten ziolakoan. Ertzaintza iritsi zenean, antza, modu txarrean hasi zitzaizkion poliziak etxerik gabeko gizonari eta Silviak horrela zergatik ari zitzaizkion galdetu zien. Arrazializatutako eta pobre itxurako emakumea zela ikusita, Ertzainetako batek Silvia bultzatu eta lurrera bota zuen. “Tú vete a tu puta tierra” esan zion orduan poliziak, espainol jatorrean. Kontuak eskatu zizkienean, atxilotu eta komisariara eraman zuten. 

Neguriko ertzain-etxean, jazarpenak ez zuen etenik izan. Kartera hartu zioten, miatu egin zuten, gauzak lurrera bota zizkioten... Hedabide ezagun baten bitartez argia ikusi zuen komisariako kameren bideoan horiek eta gehiago ikus zitezkeen.