![]() |
| Sopelako Txosna Batzordearen gaurko prentsaurrekoa. |
Larrabasterrako txosnei fidantzaren dirua kendu izanaren inguruan, Sopelako Udalak prentsara zabaldutako oharrean esandakoak gezurtatu gura izan ditu Txosna Batzordeak, ostegun honetan egindako prentsaurrekoan. Eragileak adierazi duenez, “akatsez beteta” dagoen Udaltzaingoaren txostenean oinarritu da tokiko erakundea erabakia hartzeko, gertatutakoak eurekaz kontrastatu barik. Ustez, Jaietako Ordenantza urratu izanaz ari da txostena. Aldebakartasun hori da Txosna Batzordearen haserrea piztu duena: “Arazoa ez da fidantzaren dirua ez berreskuratzea, Udalak herriko kolektiboekiko izan duen mespretxua baizik. Udalak oso erraz ekidin zezakeen egoera hau. Lehendabizi, gurekin kontrastatuz, fidantza ez itzultzeko erabakia partekatuz; eta, gerora, akatsez betetako prozedurari bukaera emanez”, adierazi dutenez.
Sopelako Txosna Batzordearen adierazpena:
Txosna Batzordearen komunikatua, Sopelako Udalak ateratako prentsa-oharraren harira
Aurreko irailaren 12an, jakitera eman genuenez, Sopelako Udalarekin bilera bat egin genuen, txosnen fidantza ez itzultzearen erabakiaren inguruko nondik norakoak argitzeko helburuarekin. Bilera modu kordialean eraman zen aurrera, etorkizunera begirako proiektuez hitz egiten bukatu genuelarik. Bada, bilera izan eta hurrengo egunean Udal Gobernuak zur eta lur utzi gintuen adierazpen bat ezagutzera eman zuen, hainbat komunikabideetan zein sare sozialetan oihartzuna izan duena.
Udalaren komunikatua gertatutakoaren errealitatetik aldenduta dagoenez, ondorengo argibideak emateko beharra daukagula ikusi dugu:
Sopelako Udalak hartutako erabakia Udaltzaingoaren txosten batean oinarritzen da, baina txosten horrek identifikatutako egunak eta orduak ez datoz bat errealitatearekin. Udaltzainek 3 egun zehazten dituzte:
- Lehenengo egunean (ostegun gauean) jaiak oraindik ez ziren hasi.
- Bigarren egunean (igande gaua) ez zen jai girorik egon. Gainera, txosnagunean inor ez zegoela aprobetxatuz, txosna batean lapurtu zuten. Hortaz, txosnak itxita zeuden.
- Hirugarren egunean, astearte goizaldean, udaltzainen agenteak ez ziren txosnagunera bertaratu. Horrela adierazten du txostenak: udaltzainak ez ziren bertaratu, dena auzokideek egindako ustezko telefono deietan oinarritzen da.
Udaltzainek egindako txostena agerikoak diren akatsez beteta dago. Eta hori gutxi balitz, Udaltzaingoak bere txostena egiteko erabilitako intzidentzien erregistroan zehazten diren egunak, orduak eta kaleak ez datoz bat ez txostenean adierazitakoarekin, ez alkatetza dekretuak adierazitakoarekin.
Sopelako Udalak Udaltzainei sinesgarritasuna ematea, gertatutakoa gurekin kontrastatu barik, oso larria dela deritzogu. Hain zuzen ere, horretan datza gure haserrea, ez baitugu onartuko herriko kolektiboen aurkako erabaki bat, gainera munipek egindakoa itsu-itsuan jarraituz hartu denean.
Udalak aditzera emandako komunikatuak Txosna Batzordearen helburua dirua berreskuratzea baino ez dela ulertzera ematen du, horretarako errelato interesatu bat plazaratuz. Baina arazoa ez da fidantzaren dirua ez berreskuratzea, Udalak herriko kolektiboekiko izan duen mespretxua baizik. Udalak oso erraz ekidin zezakeen egoera hau: lehendabizi, gurekin kontrastatuz, fidantza ez itzultzeko erabakia partekatuz; eta, gerora, akatsez betetako prozedurari bukaera emanez.
Txosna batzordetik jai herrikoien alde lanean eta politikarako baldintzen alde borrokan jarraituko dugula adierazi nahi dugu. Lan hau antolakuntzaren bitartez eramango dugu aurrera, eta argi daukagu hemen ez gaudela legezkotasunaren jokoan aritzeko, jardun politikoa izateko baizik.
Sopelako Udala gezurretan dabil! Ez dugu Txosna Batzordearen aurkako erasorik onartuko!
