![]() |
| © Julio Caro Baroja BHI |
D eta A ereduak kenduta, Algortako Julio Caro Baroja BHI ikastetzea Nazioarteko Batxilergora aldatu gura ei dute, hau da, ikasgai ia guztiak ingelesez eskaintzera; besteak beste, euskararen kalterako. GGEBE Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Aldeko Elkarteak Lantzean Behin | Uribe Kostako komunikazio-egitasmoari jakinarazi dionez, Egitasmoa institutuko Eleaniztasun eta Berrikuntza Batzordeetan aurkeztu zuten herenegun eta hilaren 19an Batzorde Pedagogikora eramango dute. "Helburua oso garbi esan zuten: Neguriko eta goi-maila sozioekonomikoa duten inguruetako ikasleak erakartzea", salatu dute GGEBEkoek.
Orain arte, Julio Caro Baroja institutuak A eta D ereduetako Batxilergoa izan du, baina 4 urte dira jada zuzendariak bertan eleaniztasun-eredua ezarri zuela DBHn. Aukera ematen dute bizpahiru ikasgai ingelesez emateko. Orain arte Historia eta Balore Etikoak. "Honek euskara-mailaren jaitsiera areagotu du, ikasleen emaitzetan eraginez...", tamaldu dute Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Aldeko Elkarteko kideek.
Gaineratu dutenez, "hala ere hura Batxilergora eramateko ideiarekin jarraitu dute... beti ere irakasle-klaustroari kontsultarik ez hitzik eman gabe, zuzenean mintegiburuen Batzorde Pedagogikotik Eskola Kontseilura eramanda, han onartzeko".
Herriko ikasleen kalterako
Orain, ikastetxeko zuzendaria den Jose Antonio Beobidek, ingelesaren ezarpena zuzendu duten beste bi irakasleakaz, Nazioarteko Batxilergoa ezarri gura ei dute. "Eskakizun-maila handitu egiten da gure ikasleek ezta hurbiltzeko moduan ere... Eta matrikulatu ahal izateko eskakizunak nota aldetik ez dira errazak betetzen. Azkenean, herriko jendea baztertu egingo dute", GGEBEkoek azaldu dutenez.
