2024/09/18

Orain arte uriolak saihestu arren, itsasadarrak gainezka egiteko arriskua dago oraindino Altzagan

240918-altzaga-uriola-zaintza
Babes Zibileko langileak eta udaltzainak zaintza lanetan Altzagan, uholde arriskuagatik / © Erandio Bizirik

Marea biziek ez dute uriolarik eragin momentuz Erandion Gaur itsasgora ez da aurreikusitakoa bezain bizia izan eta, horri esker, itsasadarrak ez du gainezka egin Altzagan, Erandio Bizirik elkarteak sare sozialetan nabarmendu duenez. Horregaz batera, udal-teknikariek izandako “begi ona” eta hartutako “erabakien egokitasuna” goraipatu dituzte bizilagunek. "Azpimarratu behar da, hasiera-hasieratik eskatu genuena betez, kaiko obra zakuekin eta harearekin itxi izanak eragotzi egin duela inguru horretatik errepidera ura ateratzea", azaldu dutenez. 

Erandio Bizirik elkarteak gogoratu duenez, gehienbat, itsasadarraren ondoan dagoen San Inazio kaletik sartu zen ura herrigunera, martxoaren 10eko eta 11ko urioletan.

Iragarpenak

Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du berriro eguen eta bariku honetan, itsasaldeko arriskuagatik, 5 metrotik gorako marea biziak espero direlakora, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Eguenean abisu horia 17:00etatik 20:00etara aktibatuko da. Marea oso bizia izango da, eta, beraz, itsasgoraren inguruan, itsasaldiek sarri jotzen dituzten eremuetan, olatuez gain, gainezka egin dezake urak. Itsasgora 18:23an izango da, eta 5,12 metroko marea izango dugu orduan. Olatuen altuera adierazgarria 0,5-1 metro ingurukoa izango da. 

Barikuan, 18:00etatik 20:00etara egongo da indarrean abisua, itsasgora 19:05ean delako. Aurreikusitako marearen altuera 5.03 metrokoa izango da eta olatuen altuera adierazgarria, 0,5-1 m ingurukoa.