2024/10/01

Uxue Lakasta (ikasle-asanbladako kidea): “Orain arte eskolarik ez ematea lortu badugu ere, irasle faxista EHUtik kanpora dezatela nahi dugu”

 © Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboa

Leioako campuseko Zuzenbide Fakultatea bete zuten astelehenean ikasleek bertoko irakasle “faxista” kanporatzeko exijitzeko eta auzi honetan EHU izaten ari den jarrera salatzeko. Sare sozialetan “jarrera erreakzionarioak” erakutsi ditu Lan Zuzenbideko irakasleak. “Izaera ultraeskuindarreko eta arrazistako” adierazpenak partekatu ditu, X plataformaren bitartez, mezu matxistak eta homofoboak tartean. Protestei buruzko xehetasunak eman dizkigu Uxue Lakasta auzi honi aurre egiteko sortutako ikasle-asanbladako kideak. 

Bitartean, Sare Antifaxistak Leioako campusean ibilitako beste irakasle bat gogoratu du: Aitor Burgos Sanchez. 2015ean unibertsitateko autobusean neska bati sexu-erasoa egin izanaren akusaziotik absolbitu zuten. Baina, urte batzuk beranduago, 21 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, 2022an nikaraguar jatorrizko bere bikotekide ohia erretzen saiatzea leporatuta. Izaera faxistako Boltxebike Alderdi Nazionalak baino ez omen zion elkartasuna adierazi Burgosi. 

Zelan konturatu zineten irakasle honen izaera faxistaz? Bere eskoletan ere agerian utzi izan du bere pentsakera? 

Irakaslea orain bi astelehen hasi zen eskola ematen eta pare bat egunera bere sare sozialetako publikazioak zabaldu ziren ikasleon artean. Horietan, adierazpen arrazistak, klasistak, matxistak, misoginoak eta falangistak partekatzen zituen. Eskola-egun bat baino ez duenez eman, ez du astirik izan ikasgelan bere ideiak adierazteko. 

Hala ere, ez da onargarria horrelako ideiak adierazten dituen irakasle bat kontratatzea. Mezu horiek ikasgelan edo sare sozialetan zabaldu, gaizki dago. Izan ere, badirudi jendea irakaslea zuritzeko erabiltzen ari dela, ikasleen aurrean ez duela horrelako ideiarik partekatu. 

Horrek tirabirak eragin ditu irakasle honen eta ikasleen artean? 

Bai. Ados ez zeudenez, bere ikasleentzako batzuk egoeraren aurrean zerbait egitea erabaki zuten. Honi, fakultateko zein campuseko beste hainbat ikasleren haserrea batu zitzaion eta, erantzun bateratu gisa, ostiraleko eserialdia eta protesta egin genituen. 

Aipagarria iruditzen zaigu EHUren jarrera, faxista hau defendatu duelako une oro eta egindako adierazpen bakarrak ikasleon erantzuna gaitzesteko izan direlako. Beraz, EHUren jokabidearen aurrean ere badugu zer esan ikasleok, faxismoari aurre egiteko erakutsitako borondate eskasa erakutsi duelako. 

Zer lortu gura duzue deitutako mobilizazioen bitartez? 

Orain arte eskolarik ez ematea lortu badugu ere, iraslea lehenbailehen unibertsitatetik kanpora dezatela exijitzen dugu. Ez dugu inolako jarrera edo deklarazio faxistarik onartuko ez EHUn, ezta inon ere Zentzu horretan, egon daitezken jarrera faxisten aurrean ikasleria antolatuta eta aurre egiteko prest dagoela ere erakutsi nahi dugu. 

EHUko arduradunakaz harremanetan ipini zarete arazo hau bideratzen saiatzeko? 

Joan den asteazkenean, irakaslearen sare sozialak ikusi eta gero, ikasle-taldeko ordezkariak fakultateko dekanoari gutun bat idatzi zion egoeraren berri emateko, ikaskideon kezka helaraziz. Erantzunak, ordea, ez zuen ikasleariaren kezka asetu, eta hortik etorri zen ostiraleko erantzuna. Izan ere, ez zion arazoari irtenbide errealik eman eta ostiralean ere ikasleoi esandakoak ez ziren nahikoak izan. 

Zein izaten ari da Dekanotzaren jarrera honen inguruan? 

Lehen aipatu bezala, Dekanotzak ez zuen inolako borondaterik adierazi egoerari erantzun irmo bat emateko. Ostiraleko elkarretaratzea eta gero, Dekanotzak irakasleari hurrengo klasea ez ematea iradokitzea, eta prozesu burokratikoa hasteko promesa egin zuen. Hala ere, elkarretaratzean zehar Dekanotzaren jarrera irakaslea ikasgelan babestea izan zen, campuseko segurtasun-zaindarien bitartez.

Noraino iristeko prest zaudete? 

Diskurtso arrazista eta faxistak hedatzen ari diren garaiotan, ezinbestekoa da ikasleok antolatu eta horiei aurre egitea. Unibertsitatea ezin da ulertu gizartearen errealitatetik at. Antolakuntzaren bidez, unibertsitatean faxismoa borrokatu behar dugu, ikasle, irakasle, ikerlari zein administrazio langileok bat eginez. Beraz, irakaslea kaleratu arte lanean jarraitzeaz gain, jarrera faxista guztiak borrokatzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu.