2024/11/20

Uribe Kostako EHE: “Euskararen aldeko borroka lehen lerrora eraman nahi dugu”

uribekosta-ehe-pankarta-egiten
© Uribe Kostako EHE

“Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean, abenduaren 7rako nazio-manifestazioa deitu du EHE-Euskal Herrian Euskarazek. Hitzodua 18:00etan ipini dute Durangoko Landako Gunean, ohi den legez, bertan Liburu eta Disko Azoka egiten ari direla aprobetxatuz. Bada, mobilizazio horren berri emateko asmoz, aurkezpena egingo du azaroaren Uribe Kostako EHEk, 19:30ean, Algortako Azebarri kultur elkartean. Bide batez, taldea bera ezagutzera emateko baliatuko dute ekitaldia.
 
Zerk bultzatu zaituzte Uribe Kosta mailako EHEren taldea sortzea? 
 
Gaur egun eskualdeko Euskal Herrian Euskarazen taldean gauden zenbait militantek ikusi genuen euskararen auzian bazeudela zenbait gauza hobetzeko. Hasteko, identifikatzen genuen erabileran bazegoela arazo bat, familia euskaldunetan ere ez zelako nahikoa erabiltzen. Gainera, administrazioaren aldetik sustatze-falta bat ikusten dugu, ez dutelako hizkuntza nazionaltzat hartzen. Eta, beraz, kondenatzen dute euskara gaztelaniaren nagusitasunera. Hirugarren arazoa oldarraldi judiziala izango litzateke, Hego Euskal Herri osoan zabaltzen ari dena. Eta horri ere aurre egiteko Uribe Kostatik gure alea eman nahi genuen. 
 
Eskualde-mailan ze gabezi ikusten dituzue euskararen ofizialtasunaren alorrean? Ze erronka dauzkazue eskuen artean? 
 
Gure ustez, nahiz eta teorikoki euskara ofiziala izan, ofizialtasun hori partziala besterik ez da. Ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik, ez administrazioan, ez poliziarekin... Adibidetzat har daiteke Getxoko Udalak hartutako erabakia udaltzain berrien harira. Elebiduntasun faltsu horrek euskara eta gure eskubideak zanpatu egiten ditu. Beraz, gure erronka izango litzateke horri guzti horri aurre egiteko indar nahikoak lortzea eta euskararen aldeko borroka lehen lerrora eramatea. Hortaz, borroka hauspotzea. 
 
Aipatu bezala, azken epaiei men eginez, udaltzainak euskara-eskakizun barik kontratatzea erabaki du Getxoko Udalak. Ze iritzi daukazue horren inguruan? 
 
Aurrekari oso arriskutsua da. Oldarraldiaren barruan kokatzen dugun arren, Udalak berak hartutako erabakiak beste gune batzuetan eragina izango duen beldur gara. Euskararen biziberritzearen aurkako eraso eta logika euskarafobikoaren barnean dagoen erabakitzat besterik ezin dezakegu hartu. 
 
Udako jaietan pankartak, kale-ezabaketak... Ze borroka-molde erabiliko dituzue? 
 
Ahalik eta gune eta arlo gehienetan eragiteko asmoa daukagu. Dena den, Euskal Herrian Euskaraz beste eragile euskaltzaleekin ezberdintzen duena mugimendu eta borroka kaletarragoa planteatzea dela uste dugu. Beraz, euskarafoboak seinalatu, jarduerak antolatu, euskaldunak formatu eta tokian tokiko borrokak indartzeko asmoa dugu. Hori izango da gure estrategia.
 
Azaroaren 30ean daukazue Durangoko manifestazioaren eta taldearen beraren aurkezpena. Hortik abiatuta bestelako jarduerarik daukazue gertu? 
 
Momentuz, buru-belarri gabiltza aurkezpenaren prestakuntzarekin eta, hortaz, gure helburua egun hau ondo ateratzea da. Ekintza zehatzik ez badugu ere, aurkezpena egin bezain laster bilduko gara, egin ditzakegun gauzak zehaztasunez adosteko. Halaber, abenduaren 7ko manifestazioaren “beroketa” egungo dugu eskualdean, kartel eta pankarta bidez gehienbat. 
 
Zeintzuk dira Durangoko manifestazioaren aldarrikapen nagusiak? 
 
Hainbat helburu eta aldarrikapen ditugu. Helburuei dagokienez, herri-kontzientzian eragin nahi dugu hizkuntza-larrialdiak euskararen etorkizunean suposatzen duen mehatxuaz gizartea kontziente izan dadin. Gainera, herri-aktibazioa bultzatzea dugu beste xede bat. Aldarrikapenei dagokienez, honakoan laburbildu daitezke: Europako olatu erreakzionarioaren barruan ulertzen dugun eta frantziar zein espainiar estatuek bultzatzen duten oldarraldia gelditu. Asimilazioa geldituko duen Euskararen Errepublika eraiki. 
 
Uribekostarrok badugu zer aldarrikatu Durangoko manifestazioan, ezta? 
 
Bai, noski. Gauza asko ditugu. Eskualde euskaldun bat izatetik urrun gaude eta horrek hainbat erantzule ditu, administrazioa kasu. Baina, herria kontzienteki borrokatu gabe eta euskara euskaldunon artean geure egin arte ezinezkoa izango dugu aurrera egitea. Beraz, euskaltzale, abenduaren 7an Durangora! Euskararen Errepublika eraiki dezagun.