Udako "turismo eredu neurrigabearen inpaktu kezkagarria" salatzeko asmoz, Jauzi Ekosoziala talde ekologistak protesta-ekintza egin zuen atzo, Algortako Ereaga hondartzan. Hala, "Turismo-eredu honek hiltzen gaitu" leloa idatzi zuten harean ekintzaileek. Hain zuzen ere, jarduera "eutsiezin" horren adibideak dira Getxoko Kirol Portura datozen bidaiarien ontziak eta, besteak beste, Algortako Portu Zaharrean biderkatu diren etxebizitza turistikoak. Bada, "Krisi ekosoziala ez doa oporretan" kanpainari segida emateko asmoz, zapatu honetan bertan, Sondikako aerodromora egingo dute bizikleta-martxa (ikusi kartela), jet pribatuek eragiten dituzten berotegi gasen isurketak salatzeko. Zutabeetako bat Algortatik bertatik aterako da: 11:00etan, Telletxe plazatik.