2024/09/16

Uriolen arriskuaren aurrean, harezko zakuei gogor eustea beste aukerarik ez diete utzi Altzagako auzokideei

altzaga-itsasadarra-gainezka
© Erandio Bizirik
AZTI itsas-ikerketa zentroak iragarri duenez, itsasgora bereziki altuak espero dira martitzen honetatik barikura, arratsaldeko 5ak eta 8ak bitartean. Hala, arduratuta daude Altzagako itsasadar ondoko bizilagunak eta merkatariak. Izan ere, martxoaren 6an, itsasgora bizien ondorioz, itsasadarreko urak hartu zituen garajeak, lonjak, saltokiak eta tabernak. Ordutik hona, erakunde publikoek “sei hilabete daroatzate euren ardurei bizkarra ematen”, Erandio Bizirik auzokideen elkarteak salatu duenez. Denbora horretan guztian harezko zakuak baino ez dirltuzte jaso, Erandioko Udalak emanak. 

Mareak 4,8 eta 5 metro artean egin dezake gora martitzenetik barikura bitartean. Eguaztenean, itsasgora 5,04 metroraino irits daiteke. Hori dela eta, Erandio Bizirik elkartearen jarduna areagotu egin da azken orduetan, sare sozialetan. Nagusiki, Bizkaiko Foru Aldundia egiten dute egoeraren erantzule. Izan ere, auzokideek behin baino gehiagotan salatu dutenez, erakunde horrek abiatutako Erandio eta Barakaldo arteko zubiaren obren barruan, “kaiko defentsak desegin” zituzten eta horrek eragiten omen du urak gainezka egitea. 

“Erakundeek, Aldundia buru dutela, ez diete arreta ematen kaltetutako pertsonei, eta erantzukizunak saihesten jarraitzen dute. Aldundiak kaiko defentsak desegin eta martxoko uholdeak gertatu eta hurrengo eguneko segurtasun-gabezia berbera da”, dio Erandio Bizirik auzokideen elkarteak. Martxoko urioletatik, sei hilabete daroatzate babesa eta segurtasuna hobetzeko neurriak eta ekintzak eskatzen, eta denbora horretan harezko zakuak baino ez dituzte jaso. Gainera, gogoratu dutenez, itsasgoren aurreikuspenak iaztik ziren ezagunak: “Denok ezagutzen ditugu. Ohartarazi genuenez, hilabete horiek genituen behin betikoetara aurreratutako defentsa-neurriak egiteko. Ezer egin ez bada, nahi izan dutelako izan da”, kritikatu dutenez. 

EAJz eta PSE-EEz ez ezik, oposizioko alderdiez ere gogogoratu dira: “salaketaren berri eman genienetik bi hilabete baino gehiago igaro dira eta oraindik ez dakigu beren iritzia zein den”.