![]() |
| Klaus Armbruster arduratu da itzulpen-lanez / © Sare Antifaxista |
Baskale elkarteagaz lankidetzan, Bernd Langer ekintzaile antifaxistaren “Antifaschistische Aktion. Geschichte einer linksradikalen Bewegung” (Ekintza antifaxista. Ezkerreko mugimendu erradikal baten historia) liburua argitaratu du Sare Antifaxistak, espainolez. Itzulpen-lanez arduratu den Klaus Armbrusterrek eman dizkigu lan horren xehetasunak. “Acción antifascista. Historia de un movimiento de izquierda radical” liburua 20 euroan (gehi bidalketa gastuak / Correoseko tarifa) eros daiteke e-posta (antifaxista.ekintza@gmail.com) edo Whatsapp bidez eskatuz. Horrez gainera, Itzubaltzeta/Romoko Casal liburudendan (Aurrezki Kutxa, 24) eskura daiteke.
Baskaleren eta Sare Antifaxistaren arteko elkarlanaren emaitza da liburu hau. Zelan sortu zen lan hau egiteko ideia?
Antifaxismoaren kontzeptua 1930eko hamarkadan sortu zen Alemanian, eta horren historia ezagutzea zen asmoa. Faxismoari/nazismoari buruzko literatura asko dago, baina antifaxismoari buruzko literatura gutxi. Bernd Langerren liburua dugu itzuli duguna. 2020an, pandemia baino lehen, Euskal Herrian zehar bira txiki bat egitera gonbidatu genuen idazlea. Gero bere liburua itzultzea erabaki genuen.
Bernd Langer ez da ez soziologoa, ez historialaria; aktibista antifaxista da, 1980ko hamarkadan hasi zen militatzen. Ondorioz, bere liburua 80ko hamarkadaz geroztiko borroka antifaxistaren deskribapen zehatzaren eta ordutik hona gertatutako faxismoaren alderdi ezberdinen arteko nahasketa da. Hainbat oztopo gaindituz, lau urte behar izan ditugu liburua mahai gainean jarri ahal izateko.
Oztopoak oztopo, zelakoa izan da lan hau aurrera ateratzeko prozesua?
Ez da erraza izan. Bidean pandemia sartu zen erdian, horrek ekarri zuen guztiarekin. Itzultzaileak itzulpena amaitu zuenean, egileak bat-batean kapitulu berriak zituen alemanezko edizio berri baterako. Guk geuk hasi behar izan genuen kapitulu berriak itzultzen. Baina horiekin amaitu genuenerako, egileak kapitulu gehiago idatzita zituen. Bazirudien idazteko prozesua ez zela amaitzen.
Alemanezko edizio berria hiru liburutan banatu behar izan zuten, eta horrek arazoak sortu zizkigun, guretzat hiru liburu argitaratzea ezinezkoa zelako. Azkenean “honaino” esan behar izan genuen: liburua inprimategira eraman ahal izateko. Ia 600 orrialde dira, eta alemanezko bertsioak 250 orrialde gehiago ditu.
Baskale elkarteaz ere ari garela, zein da horren helburua eta zein jarduera egiten ditu?
Baskale elkarte sozio kultural euskal-alemaniarra da taldearen izen osoa. Euskaldun talde bat gara, Afrikako eta Europako hainbat herrialdetako migratzaileok eta Bizkaian bizi garen alemaniarrok osatzen dugu. Gai hauek lantzen ditugu: memoria historikoa, naziek Espainiako Gerran izan zuten papera azpimarratuz, Kondor Legioak tartean.
Bestalde, migrazioa eta euskara jorratzen ditugu; eta Bilbon jasaten ari garen turismo masiboaren kritika egiten dugu. Webgune bat dugu, Baskultur.info, alemanez, gai ugariren berri emateko: kirola, historia, literatura, gastronomia... beti ere Euskal Herria atzean dugula. Gaietako bat antifaxismoa da. Hainbat gizarte-mugimendutan parte hartzen dugu: internazionalistak, antifaxistak eta auzokideenak.
Laburbilduz, zer aurkituko du irakurleak liburu honetan?
Faxismoaren sorreraren historia aurkituko du, zehazki Italian eman zena; eta Ekintza Antifaxistaren historia Alemanian 1930eko hamarkadan. Liburua bi zatitan banatzen da, lehen zatia historikoa da eta faxismoaren sorreratik nazismoaren gorakadaraino garamatza, bigarren mundu gerran zehar gerraosteraino. Mugimendu faxista berrien ikuspegia eskaintzen du eta garai historiko bakoitzeko erresistentzia antifaxista ikus dezakegu.
Liburuaren bigarren zatia gaurkotuagoa da; azken gertakariei erreferentzia egiten die. Pandemiak faxismoan eta ultraeskuindarrean izan zuen eraginari, besteak beste. Edo Alemanian milioi eta erdi errefuxiatu hartu izanaz. Prozesu bakoitzaren xehetasun asko daude. Gehiegi ez izatea espero dugu.
Alemaniako Mugimendu Antifaxistak eraginik izan al du beste herrialde batzuetan eta, zehazki, Euskal Herrian?
Bi banderen sinboloa kenduta, ez dago eragin zuzenik. Agian, orain aurkezten ari garen liburua... Alderantziz, alemaniar faxismoak eragin handia izan du espainiar faxismoan. Kondor Legioa gabe, 1936ko gerrak beste garapen bat izango zuen... Naziek eragin erabakigarria izan zuten Euskal Herriaren patuan, ez bakarrik Gernikan. Herrialde bakoitzak bere historia du, faxismoarekin izandako esperientzia eta aurre egiteko edo ez egiteko modua.
Faxismoaren gorakadaren aurrean, zein da mugimendu antifaxistaren egungo egoera?
Erantzuna ez da erraza. Izan ere, oso subjektiboa eman dezake. Jende guztiak ez du faxismoaren gorakada sumatzen. Garrantzitsua da gaur egun faxismoak beste forma eta itxura batzuk dituela onartzea. Ez da ageri uniforme urdin edo marroiarekin bakarrik, pauso arinean eta führerraren agurra egiten. Faxismo berria trajez eta gorbataz dator, eta arriskutsuagoa da, ez baita hain erraz antzeman. Gainera, adierazpenen nahasketa bat dago: populismoaz, eskuin muturraz, eskuin erradikala... hitz egiten digute, baina gutxitan erabiltzen da faxismo hitza. Diskurtso faxista antzematen ikasi behar dugu, nahiz eta demokristauengandik eta sozialdemokratengandik etorri. Arrazakeria eta xenofobia ez daude faxisten ahotan bakarrik, demokratatzat jotzen dituzten askoren hitzetan ere badaude. “Demokraten” diskurtso horiek bidea errazten diote faxismo ireki eta zuzenari. Batzuetan, Europako “demokraziaren defendatzaileen” diskurtsoak ez dira bereizten faxisten diskurtsoetatik. PPren eta Voxen artean, edo Macronen eta Le Penen artean, adibidez. Gure diskurtsoa errealitate horretara egokitu behar dugu. Zehatzak izan behar dugu, gure diskurtsoa puztu gabe. Politikari guztiak ez dira faxistak, baina faxistak espainiar estatuan ez dira Voxekoak bakarrik.
