2024/09/22

Sexu-eraso berri baten aurrean, autodefentsa feministarako deia egin dute Sopelan

Captura de pantalla 2024-09-22 190049
Sexu-erasoa salatzeko kontzentrazioa Sopelako udaletxe aurrean, artxiboko irudian / © Sugarri

Epaileak 35 urteko gizon bat espetxeratzeko agindua eman zuen martitzenean, abuztuaren 28an Sopelan izandako sexu-eraso baten egilea izatea leporatuta. Horren harira, adierazpen instituzionala plazaratu zuen eguaztenean Udalak. Sugarri neska* gazteen taldeak eta Sopelako Sare Feministak ere elkartasuna adierazi diete erasotutako emakumeari zein bere gertukoei, eta sexu-erasoa gaitzetsi dute, sare sozialen bitartez. Eragile feministak "nazkatuta" agertu dira eraso berri honen aurrean, eguneroko ogia direlako. Horiei aurre egiteko, autodefentsa feminista aldarrikatu dute.

"Mugimendu Feministak, emakumeen aurkako eraso bakoitzaren aurrean, antolatzeko duen gaitasuna erakutsiko du, behin eta berriz, orain arte egin bezala. Argi dugu zein den bidea: gure tresna eraginkorrenak gure arteko aliantzak eraiki eta autodefentsa feminista izango dira", adierazi dute.

Gertaerak

Europa Press albiste-agentziak plazaratutakoaren arabera, epaileak 35 urteko gizon bat espetxeratzeko agindua eman zuen martitzenean, abuztuaren 28an Sopelan izandako sexu-eraso baten egilea izatea egotzita. 

Gizona astelehenean atxilotu zuten eta, martitzen goizean epailearen esku utzi ostean, Basauriko espetxera eraman zuten. Ertzaintzak irailaren 12an jakin ei zuen emakume gazte batek 35 urteko gizon baten sexu-erasoa jasan zuela, Sopelan. Ikerketa ireki ondoren, ertzainek gertakarien ustezko egilea atxilotu zuten, eta Getxoko ertzain-etxera eraman zuten. 

Polizia-eginbideak amaituta, atxilotua epailearen esku utzi zuten martitzen goizean, eta epaileak Basauriko kartzelan sartzeko agindua eman zuen. 

 

Sugarri neska* gazteen taldeak eta Sopelako Sare Feministak plazaratutako adierazpena:

Aski da! 

Berriro gertatu da. Beste behin eraso matxista baten berri izan dugu. Haserrea eta amorrua besterik ezin dugu sentitu. Ezer baino lehen, erasoa jasandako emakumeari eta bere inguru hurbilari gure babesa, elkartasun eta kompromiso guztia helarazi nahi diogu. 

Indarkeria matxista sistemaren oinarri bat delako erasotzen gaituzte, oraingoan gure herrian gertatu delarik. Emakume guztion egunerokotasuna dira erasoak eta erasotua izateko beldurra. Indarkeria ez da auzaz gertatzen den zerbait, sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek sostengatzen duen egitura baten tresna baizik, eta emakume*, trans eta bollerok egunerokotasunean pairatzen dugun indarkeria. 

Sakoneko aurrerapauso eta aldaketa bat exijitzen diegu instituzioei. Gizonek dagokien ardura har dezaten eta haien praktikak behingoz alda ditzaten exijitzen diegu. Utzi sistema honen konplize izateari. 

Urte hau, aurrekoak bezala, lazgarria izan da indarkeria matxistari dagokionean. Nazkatuta gaude eta gure haserrea kalean erakusten jarraituko dugu, aldiro eraso hauei autodefentsa feministaz erantzuten. Gure bizitzak etengabe kolpatzen dituena da sistema zisheteropatriarkala, indarkeria matxista egituratu eta baimentzen duena. 

Mugimendu Feministak, emakumeen aurkako eraso bakoitzaren aurrean, antolatzeko duen gaitasuna erakutsiko du, behin eta berriz, orain arte egin bezala. Argi dugu zein den bidea: gure tresna eraginkorrenak gure arteko aliantzak eraiki eta autodefentsa feminista izango dira. 

Gora autodefentsa feminista! 

Gora borroka feminista!