![]() |
| Josu eta Anton gogoratzeko horma-irudia Altzagan, |
Aurten 55 beteko dira Francoren poliziak Josu Murueta astrabuduarra eta Anton Fernandez altzagarra tiroz hil zituela, 1969ko kutsaduraren kontrako mobilizazioen testuinguruan. Hala, Erandioko Oroimena herri-ekimenak herritar biak gogoratzeko ekitaldia egingo du urriaren 27an (domekan), 13:00etan, Astrabuduko Josu Murueta plazan. Horrez gainera, Erandion memoria historikoa landu zuten eta dagoeneko gure artean ez dauden Txetxu Aurrekoetxeari, Ana Isabel Crespori eta Josu Cerratori omenaldia egingo diete; baita uztailean zendu zen Josu Muruetaren alaba Josuneri ere.
1960ko hamarkadan, industria kimikoek inguraturik bizi zen Erandio. Garai hartako testigantzen arabera, kiratsa izugarria zen, egun batzuetan auzoek ezin zituzten etxeko leihoak zabaldu, ezta arropa balkoietan eskegi ere, emakumeen galtzerdiak zulatu egiten ziren kalean ibiliz gero, txoriak hilik agertzen ziren, eta abar. Hamarkada osoan egon ziren protesta eta mobilizazioak, batez ere, Gasaren Aurkako Batzordea sortu zenetik. Batzordea saiatu zen Bilboko Udalaren aurrean arazoa planteatzen —garai hartan, Erandio ez zen udalerria eta Bilboko Udalaren menpe zegoen; Pilar Kareaga zen alkatea—, baina arrakasta handirik gabe.
1969ko irailaren 6an, 1.500 lagunek manifestazioa egin zuten Erandion, “Irtenbideak nahi ditugu, gasa kanpora” lelopean. Baina hurrengo egunetan isuriak are larriagoak izan ziren, eta, urriaren 28an, laino toxiko batek hartu zituen herriko kaleak. Erantzuna berehala etorri zen: herritarrek kalera jo zuten eta errepidea moztu zuten. Baina Poliziaren erreakzioa ere atoan iritsi zen, eta gogor oldartu zitzaien manifestariei.
Etxeko balkoian
Errepidean egur handia eman zuten, eta gero trenbidera jo zuten manifestariek eta hura ordubetez itxi zuten. Han entzun ziren lehen tiroak. Zaurituak egon ziren gau hartan: horietako bat, Anton Fernandez. Etxeko balkoian zegoela, tiro bat jaso zuen buruan. Bi aste geroago, azaroaren 12an, hil egin zen Fernandez.
Urriaren 29a greba eta protesta eguna izan zen Erandion. Inguruko lantegietan lanuzteak egon ziren, eta herriko dendek ateak itxi zituzten. Gas isuriez gain, bazegoen protesta egiteko beste zio bat: Poliziak bezperan egindako erasoaldia, balaz zauritutako lau lagun utzi zituena. Baina bigarren egun horretan ere Poliziak tiroka hartu zituen manifestariak, eta Josu Murueta balaz zauritu zuten. Ordu gutxiren buruan hil egin zen.
