2024/10/27

Anton Fernandezen eta Josu Muruetaren hilketak gogoratzen jarraitzearen beharraz ohartarazi dute

241027-josu-anton-gogoan
© Sare Antifaxista

Aurreko urteetan egin legez, dozenaka herritar batu da gaur, 1969ko kutsaduraren kontrako mobilizazioen testuinguruan, Francoren poliziak tiroz hildako Josu Murueta astrabuduarra eta Anton Fernandez altzagarra gogoratzeko. Aurten 55 beteko dira gertaera horietatik eta, Astrabuduko Josu Murueta plazan egindako ekitaldian, Erandioko Oroimena herri-ekimenka “ezinbestekotzat” jo du oroitzapen-ariketa horregaz segitzea, gertaerok “ahanzturan eror ez daitezen”. Azpimarratu dutenez, hilketa horiengatik “inortxok ere ez zuen erantzukizunik hartu edo azalpenik eman”. Bada, modu ezberdinetan, urte hauetan denetan kutsadura zein Josuren eta Antonen erailketak salatu dituzten pertsona eta taldeak gogoratu gura izan dituzte gaur: Txetxu Aurrekoetxea, Josu Cerrato, Ana Krespo... eta abar luze bat. Halaber aipamen berezia izan dute, Josunerentzat, duela gutxi zendu zen Pili Arenza eta Josu Muruetaren alabarentzat, bere amagaz eta Idoia ahizpagaz batera, urte luzez familiarentzat justizia eskatzen ibili zena. 
Gazteei 1969ko gertaerak oso urrun geratzen bazaizkie ere, horiek herritarren zati handi baten erretinetan grabatuta geratu direla adierazi du Erandioko Oroimenak: “Ezohiko errepresio hura lehen pertsonan bizi izan zuten pertsonek izua sentitu zuten polizia frankista gure auzoetako kaleetan zaldi gainean sartzen ari zenean, gaixotu gabe arnasa hartu ahal izatea besterik eskatzen ez zuten bizilagunei eraso eginez”. Nabarmendu dutenez, “emakumeak izan ziren, orduan ere, seme-alabei eragiten hasi zitzaizkien gaixotasunak salatzen eta agerikoa zen arrisku-egoera haren eta Administrazioen babesgabeziaren aurka agertzen lehenak”. Hala, horiei denei aipamena egin diete. Datuak gora behera, “1968an Bilbo Handian eztarriko minbizia Estatu osoko altuena zen”. 
 
Gaur egunera etorrita, gizarte eta ingurumen-arloan 1969an Erandion gertatu zen eskubideen urraketa horrek “hainbat modutan” dirauela salatu dute. “Auzo-elkarteek eta gure auzoetako beste talde batzuek egoera hori salatzen jarraitzen dute, kaleetan, plazetan, auzitegietan, Eusko Jaurlaritzan, Erandioko Udalean... baina entzungor egiten dute denek”, adierazi dutenez. 
 
Gertaerak 
 
1960ko hamarkadan, industria kimikoek inguraturik bizi zen Erandio. Garai hartako testigantzen arabera, kiratsa izugarria zen, egun batzuetan auzoek ezin zituzten etxeko leihoak zabaldu, ezta arropa balkoietan eskegi ere, emakumeen galtzerdiak zulatu egiten ziren kalean ibiliz gero, txoriak hilik agertzen ziren, eta abar. Hamarkada osoan egon ziren protesta eta mobilizazioak, batez ere, Gasaren Aurkako Batzordea sortu zenetik. Batzordea saiatu zen Bilboko Udalaren aurrean arazoa planteatzen —garai hartan, Erandio ez zen udalerria eta Bilboko Udalaren menpe zegoen; Pilar Kareaga zen alkatea—, baina arrakasta handirik gabe. 
 
1969ko irailaren 6an, 1.500 lagunek manifestazioa egin zuten Erandion, “Irtenbideak nahi ditugu, gasa kanpora” lelopean. Baina hurrengo egunetan isuriak are larriagoak izan ziren, eta, urriaren 28an, laino toxiko batek hartu zituen herriko kaleak. Erantzuna berehala etorri zen: herritarrek kalera jo zuten eta errepidea moztu zuten. Baina Poliziaren erreakzioa ere atoan iritsi zen, eta gogor oldartu zitzaien manifestariei. 
 
Etxeko balkoian 
 
Errepidean egur handia eman zuten, eta gero trenbidera jo zuten manifestariek eta hura ordubetez itxi zuten. Han entzun ziren lehen tiroak. Zaurituak egon ziren gau hartan: horietako bat, Anton Fernandez. Etxeko balkoian zegoela, tiro bat jaso zuen buruan. Bi aste geroago, azaroaren 12an, hil egin zen Fernandez. 
 
Urriaren 29a greba eta protesta eguna izan zen Erandion. Inguruko lantegietan lanuzteak egon ziren, eta herriko dendek ateak itxi zituzten. Gas isuriez gain, bazegoen protesta egiteko beste zio bat: Poliziak bezperan egindako erasoaldia, balaz zauritutako lau lagun utzi zituena. Baina bigarren egun horretan ere Poliziak tiroka hartu zituen manifestariak, eta Josu Murueta balaz zauritu zuten. Ordu gutxiren buruan hil egin zen.