Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen eguenean Areetako metro-geltoki ondoko taberna batean hainbat emakume lan-kontratu barik behin eta berriz enplegatzea eta abusuzko lan-baldintzak ezartzea leporatuta. Gainera, establezimenduaren jabeari sexu-eraso delituak ere egotzi dizkiote. Hala, dozenaka lagunek egin zuten kontzentrazioa atzo, Xake plazan, Eskumaldeko LABek eta Itzubaltzetako Talde Feministak deituta. Gaur goizean, berriz, leihoak margoz beteta agertu da taberna. Dirudienez, oraindino zabalik daukate.
Salaketa jarri zuten sei emakumeek ez zuten Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko baimenik. Azaldu dutenez, lokalaren jabeak ez zien kontraturik egin, eta ez zien Gizarte Segurantzan alta eman. Astean sei egunetan lan egitea eskaini zien, egunean hamar orduz, eta hilean 1.000 euro jasotzearen truke. Baina, azkenean, ez zen hala izan. Lanaldian atsedenaldiak hartzea debekatu zieten, eta gaixorik egon arren lanera joan behar zuten. Haien soldatak, gainera, ez ziren adostutakoak: 20 euro ordaintzen zizkieten egunean, 600 eta 800 euro bitartean hilean.
Sexu-jazarpena
Era berean, biktimek salatu dute lanean ari zirela tabernaren jabeak ukituak egiten zizkiela, eta sexu-harremanak eskatzen zizkiela; trukean, Getxon duen beste lokal batean lo egiten utziko ziela esaten zien, edo atzerrian zituzten senide eta lagunak Euskal Herrira ekartzen lagunduko ziela.
Poliziaren ikerketak emakumeek esandakoa berretsi du, eta ondorioztatu du hiru ikertuak egoera irregularrean dauden langileak kontratatzen aritu direla 2018. urtetik. Lokalaren arduradunak 31 urte ditu, eta boliviarra da. Beste bi akusatu daude: tabernaren jabea, 61 urteko kolonbiar bat, eta haren bikotekidea, boliviarra eta 40 urtekoa.