2024/10/12

Lamiako Txopoeta Bizirik: “Administrazio publikoen utzikeriaren, abandonuaren eta interesik ezaren ondorioa dira gure aldarrikapenak”

lamiako-txopoeta-bizirik
Egindako mobilizazio baten artxiboko irudia / © Lamiako Txokoeta Bizirik

Ia urte bi daroatzate euren auzoak duinak izateko beharrezkoak diren aldaketak eskatzen Lamiako Txopoeta Bizirik taldeko kideak. Metroa erabat lurperatzea, Lamiakoko ibarra berreskuratzea, ekipamenduak eta beharrizanei araberako hirigintza jasangarria aldarrikatzeko asmoz, hamaika ekimen egin dituzte. Euren ustez, Leioako Udalarena da ardura nagusia: “Beharrezkoa bada, beste erakunde batzuekin esku-hartzeko mekanismoak abian jar ditzala, berandu baino lehen”. 

Zein da zuen aldarrikapen en jatorria? 

2022ko azaroan Leioako Udalak Lamiakoko ibarraren 17 eta 18 eremuen gaineko HAPOren moldaketaren aurkezpen publikoa egin zuen eta ondorioz Lamiakotarrak Lamiako eta Txopoetako auzo elkarteak bi herri bilera ireki deitu zituen, aipatutako moldaketa hori azaldu nahian eta herritarron iritzia eta erantzuna bultzatzeko. 

Bilera jendetsuak izan ziren eta bertaratutako interesatuen (bizilagunak, gertuko beste auzoetako herritarrak, proiektuan interesa zuten elkarte edo eragile guztiak) aho bateko erantzuna ezezkoa izan zen, hau da, Udalaren proposamenaren aho bateko gaitzezpena. 

Aipatutako asanblada horietatik jaio zen Lamiako Txopoeta Bizirik lan-taldea. Hain zuzen ere, asanblada ireki horietan bizi izan genuen energia guzti hori modu ordenatu eta eraginkor batean bideratzeko; eta herritarron hautuaren ahotsa modu eta ekintza desberdinetan gauza zedin eta azkenean auzoan eta herrian Udalean entzun zedin. 

Masifikatuta daude Lamiako eta Txopoeta? 

Auzoa begiratzeko ikuspuntua ren arabera, gaur egun, erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izan daiteke. Auzoetan dauden zerbitzuei dagokienez, zalantzarik gabe gaur masifikatuta dagoela esan beharra dago, ez dagoelako inolako espazio kulturalik edo aisialdia zein kirolera bideratutako gunerik auzokideen zerbitzura; ezta eremu naturalik ere. HAPOren moldaketa berri horrek aurreikusitako 1.200 edo 900 etxebizitza berriekin auzoetara bi mila eta hiru mila bizilagun artean etorriko litzateke… Kontuak atera! 

Bitxikeria bezala, biztanle kopuru horrekin, Leioako biztanleria osoaren %10aren bueltan egongo litzateke gure auzoetan. 

Zeintzuk dira zuen aldarrikapenak? Zer eskatzen duzue? 

Gure aldarrikapenek lau oinarri dituzte: batetik, metroa erabat lurperatzea Leioako eta Areetako geltokien artean. Bestalde, Lamiakoko ibarra modu jasangarrian berreskuratu nahi dugu, interes ekologikoki ingurune babestu gisa. Izan ere, LPS-Lurralde Plangintza Sektorialaren 3. taldean dago eta hori defendatu behar dugu. Hirugarren oinarriari dagokionez, gizarte eta kultur-zerbitzuak, aisialdi jasangarri ko eremuak, mota guztietako ekipamenduak hornitzea eskatzen dugu. Amaitzeko, premien araberako hirigintza jasangarria nahi dugu, ez eraikuntza-enpresen interesen araberakoa. 

Horregatik, “Por un PGOU de tod@s” eta “Auzo bizigarri baten alde” leloen pean egin genuen manifestazioa. 

Udalagaz batu zarete? Zein erantzun jaso duzue? 

Gure herriko alderdi politiko guztiekin bildu gara, baita alkatearekin ere. Oposizioko alderdi politikoen partetik babesa jaso dugu, baina alkateak HAPOren aldaketa justifikatzen eta ontzat ematen du. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin lan egiten dute proiektua aurrera eramateko. 

Zer da proposatzen duzuena etorkizunera begira? 

Gure auzoak egiteke daude. Urte askoan zehar hainbat proiektu proposatu dira eta batzuk ez dira burutu. Beste batzuk hasi dira, baina ez dituzte amaitu, edo zaharkituta geratu dira egin gabe. Beste kasu batzuetan ez da proiekturik ere egon. Eta, azkenik, oraingoakoak ez gaitu bat ere konbentzitzen. Horregatik, auzoari mesede egingo liokeen erabaki bakarra guztion artean adostutako HAPO integral bat izango litzateke, auzoa osotasunean zentzuz antolatuko lukeena, auzokideen eta naturaren beharrak kontuan hartuz. Enpresa pribatuen interes ekonomikoen mesedetan egongo ez litzatekeen HAPO bat. 

Zelan eragingo diete auzoei abian diren proiektu eta azpiegitura berriek: subflubialak, bidegorriak…? 

Subflubialari dagokionez ez dakigu zelan eragingo dien auzoei (Lamiako eta Txopoeta); informazio-falta dago. Bidegorriari buruz, Lamiakoko paduraren zatia egin dutenean, ez dute hori kontutan izan. Ura ezin da behekaldetik pasatu. Itxita utzi dute. Udalak 2018an txozten bat egin zuen, padura berreskuratzeko, “Lamiakoko Ditxoaren inguruan Paisaiaren Ekintza Plana delakoa”. Baina, bidegorria egiteko ez dutedute kontutan kontutan izan, ezta HAPOren moldaketa egiterakoan ere. Parke bat egin nahi dute, baina berreskuratuko luketen zatia derrigortuta dauden 100 metroak izango lirateke bakarrik. 

Gaur arte ze ekimen aurrera atera dituzue? Eta aurrerantzean zer egiteko asmoa daukazue? 

Orain arte ekintza asko egin ditugu: bi manifestazio, kalejira zaratatsua, sinadura-bilketa, hitzaldiak, asanblada irekiak, banderolak eta kartelak auzoko leihoetan, sare sozialak, alderdi politikoekin zein elkarteekin batzartu gara… Horretaz gain, Leioa Bizigarri Koordinadora parte hartzen dugu. 

Aurrerantzean ekintza desberdinak egin nahi ditugu. Orain hasi gara ikasturte berria prestatzen, udako oporrak eta gero. Ekintza berriak ez ditugu oso zehaztuta, lanean gaude. Baina argi daukaguna da bide berdinetik jarraituko dugula: auzoen egoera salatzen, sentsibilizazioan, kalera irteten… Lanean jarraituko dugu, auzo bizigarri baten alde. 

Zer espero duzue etorkizunean? 

Udalak gure aldarrikapenak kontuan hartzea da espero duguna. Gureak ez dira kapritxozko eskaera hutsak, erakundeek urte askoan zehar bete gabe utzitako planen eta promesen ondorioa baizik. Erakutsi duten utzikeriaren, abandonuaren eta interesik ezaren ondorioa baino ez dira. 

Izan ere, urteak joan eta urteak etorri, gaizki tratatutako auzo degradatu gisa mantentzen gaituzte. Leioako Udalarena da auzo duin batzuk sortzeko ardura. Horretarako beharrezkoa bada, beste erakunde batzuekin esku-hartzeko mekanismoak abian jar ditzala, berandu baino lehen.