2024/10/11

Erresistentzia Antifaxista: “Gutxieneko adostasun-puntu batzuen inguruan, indarrak batu nahi ditugu urriaren 12ko manifestazioan”

Urr 12 "Erresistentzia Antifaxista" manifestazioa (Bilbo)

Urriaren 12a Espainiar Estatuak darabilen “inposizio kultural, ekonomiko, politiko eta militar bortitza” irudikatzen duen data adierazgarria da, Erresistentzia Antifaxistaren ustez. Horregatik, zapatu honetan, Bilboko Indautxu plazatik 12:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu antifaxista denak: libertarioak, abertzaleak, komunistak, anarkistak, antiinperialistak, kolektiboak eta erakundeak, gazte asanbladak, gaztetxeak... “Amankomuneko bideak bilatu eta jarrera hartzeko garaia” dela uste dute. Erresistentzia Antifaxistak aldarrikatu duenez, “batu gaitezen, kaleak har ditzagun, garaipenera arte!”. 

Zeintzuk dira urriaren 12ko deialdiaren arrazoiak? 

Arrazoi on asko daude, eta hori egunerokoan ikusten dugu. Erresistentzia Antifaxista osatzen dugunontzat, urriaren 12a Espainiar Estatuaren inposizio kultural, ekonomiko, politiko eta militarra adierazten duen data da. Baina manifestazioak haratago joan nahi du eta etorkinen egoera eta beren generoagatik edo identitateagatik pertsonei egindako eraso faxistak salatu nahi ditu. 

Kapitalismoaren, inperialismoaren, faxismoaren eta bere eskutik doan espainolismoaren aurkako borroka da gurea. 

Horregatik, zapaltzailearen uztarripean egon diren eta dauden herrien borroka aldarrikatzen dugu. Emantzipazioaren eta gizartearen eraldaketaren alde borrokatzen diren horien borroka, Estatuko espetxeetan borrokatu ziren eta borrokan jarraitzen duten presoak eta bizitza eman zuten antifaxista guztiak ahaztu gabe.

Zelan eta zergatik sortu zen Erresistentzia Antifaxista? 

ibilbide militantea baina ez berbera duten pertsonez osatutako kolektibo bat gara, gaur egun herri-mugimenduko kide garena, baina atzean inolako siglarik ez duena. Galdu zen urriaren 12ko mobilizazio historikoari berriro heltzea beharrezkoa ikusten genuen, Euskal Herriko langile-klasearen batasuna azpimarratuz. Horregatik erabaki genuen Erresistentzia Antifaxista sortzea, indarrak batzeko eta manifestazio antifaxista bateratua egiteko bitarteko gisa.

Denbora horretan zein izan da zuen ibilbidea? 

Nahiz eta Erresistentzia Antifaxista osatzen dugun pertsonen ibilbide militantea aspalditik datorren, egia esan, kolektibo gisa, bi urte inguru daramatzagu urriaren 12ko manifestazioari forma ematen. Dagoeneko iaz egin genuen. 

Zer azpimarra liteke Erresistentzia Antifaxistak orain arte lortutakotik? 

Guretzat lorpena da egun seinalatu horri berriro heldu izana, familia politiko desberdinetako pertsona antifaxistak ordezkatuta senti daitezkeen gutxieneko puntu batzuen pean. Iazko manifestazioa izan zen lehen hartu-emanaren ondoren, aurten oso pozgarria izaten ari da babes handia jasotzen ari garela eta gero eta jende gehiago edozein modutan ere parte hartzeko prest dagoela ikustea. Pozgarria da bere egiten dituztela gutxieneko puntu batzuk, urriaren 12ko ekintza-batasun antifaxista gauzatzeko.

Gaur egun, zein erronkari egin behar diozue aurre?

Erronkak... bide gutxi egin duen eta gizarte honen eraldaketaren alde borrokatzen duen edozein kolektiborena bezalakoak. Gure erronkarik hurbilena indarrak batzen jarraitzea da. 

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu Erresistentzia Antifaxista ezagutzera emateagatik, eta antifaxista guztiak larunbat honetako manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditugu. 12:00etan abiatuko da Bilboko Indautxu plazatik. Halaber, agur anaikor bat bidali nahi diegu planetaren luze-zabalean faxismoaren aurka borrokatzen duten guztiei, hala nola Ekialde Hurbilean, Sahelen, Euskal Herrian, Donbassen edo Abya Yala-Amerikan.