2024/11/06

Urduliz Palestinarekin Bat: “Gobernuek beste leku batera begiratzen dute, genozidioa behingoz gelditu beharrean”

241021-urduliz-palestina
Urriaren 21ean, Gernika-Palestina herri-ekimenak deituta, kontzentrazioa egin zuten Urdulizen / cc-by-sa Hiruka
Eguazten honetarako, azaroaren 6rako, bere lehendabiziko ekitaldia antolatu du sortu berri duten Urduliz Palestinarekin Bat taldeak. “Genozidioaren aurrean bertako alternatibak” lelopeko berbaldia egingo dute, 19:00etan, Urdulizko kultur etxean. Eta horri buruz jarduteko, Palestinarekiko Erantzukizuna taldeko lagunak gonbidatu dituzte. 
 
Zein helburuagaz antolatu duzue azaroaren 6ko berbaldia? 
 
Helburua da Palestinan zer gertatu den eta zer gertatzen ari den ezagutaraztea. Horretarako gonbidatu ditugu hitzaldira Palestinarekiko Erantzukizuna taldeko kideak; lehen eskuko informazioa izateko eta, ahal den neurrian, ditugun zalantzak argitzeko.
 
Ze ikuspuntu duzue Palestinan gertatzen ari denari buruz? 
 
Gertatu eta gertatzen ari dena oso larria iruditzen zaigu. Lotsagarria da nola gobernuek beste lekura begiratzen duten ezer egin barik, genozidioa behingoz gelditu beharrean.
 
Zeintzuk lirateke genozidioaren aurrean Euskal Herrian landu beharreko alternatibak? 
 
Landu behar diren alternatibak anitzak dira. Ahalik eta lasterren, Israelgo gobernuarekin eta enpresekin dituzten mota guztietako harremanak apurtu behar dituzte Euskal Herrian ditugun administrazio publiko guztiek. 
 
Zentzu honetan, nazioarteko armagintzari jarri nahi diogu arreta berezia. Genozidio honetan edo beste batzuetan erabiltzen diren armak hemen ekoizten eta saltzen dira. Ezaguna da Eusko Jaurlaritzak Israelgo gobernuarekin aspalditik duen harremana. Hainbat kontratu izenpetuta dituzte.
 
Enpresek ere harreman zuzena daukate Israelegaz...  
 
Hemen dauden enpresak ere genozidioan parte hartzen ari dira. CAF enpresa esaterako, edo Ullma izenekoa. Lehenengoaren kasuan, oso larria da egiten ari direna: beste leku batera begiratzen dute, nazioarteko zuzenbideak eraikitzen ari diren trenbidea guztiz ilegala dela esaten duen bitartean.
 
Horiei boikota egitea beharrezkoa da? 
 
BDZren kanpainaren aldarrikapenei Jarraiki, alderdi politikoei presioa egin behar zaie; baita nazioarteko mailan dauden enpresei ere. Eta beharrezkoa izatekotan boikota ere bai. 
 
Ze beste ekimen dauzkazue eskuen artean? 
 
Lehen aipatutako guztia ikusita, herritarrengandik atera behar dira lantzeko alternatibak, eta herri moduan ikusiko dugu zein den gure erantzukizuna gatazka honetan. 
 
Momentu honetan, kontaktuan jartzen ari gara Urdulizko talde politiko, sozial, kultural eta kirol-klubekin beren babesa lortzeko, Udalean mozioa aurkezteko. Etorkizuneko jarduerak egingo dugun berbaldira hurbildutako lagunen artean erabakiko dugu.