 |
Liburuaren aurkezpena Erandion / © Sare Antifaxista
|
1937ko apirilaren 22tik 26ra bitartean, Erandio sutsuki eraso zuten Francoren zerbitzura zeuden Alemaniako nazien eta Italiako faxisten hegazkinek: horren eraginez, 29 hildako eta 37 zauritu egon ziren, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintza Sailak 1937ko ekainaren 9an jakinarazi zuenez. Horren akorduan, eguen honetan, ekainaren 13an, Erandion bertan, “Historia del Batallón Olabarri. Los nombres de la Libertad” liburua aurkeztuko du Eduardo Renobales Martin (Zierbena, 1956) historialariak eta idazleak. Hitzordua 19:00etan ipini du Sare Antifaxistak, Dathorren tabernan (San Inazio kalea). Hain zuzen ere, bi egun beranduago, hilaren 15ean (zapatuan), 87 urte beteko dira Francoren matxinoek Erandio hartu zutela.
Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) Olabarri batailoiari buruz dihardu Renobalesen liburu berriak. Sare Antifaxistak argitaratutako lanean, 1936ko gerran zehar EAE-ANVren unitate hori osatu zuten 1.500 militante ekintzaileetatik 800en izenak batu ditu historialariak. Liburua e-posta bidez eros daiteke (antifaxista.ekintza@gmail.com), 15 euroan (gehi bidalketa-gastuak / Correosen tarifa).