![]() |
| © Getxoko Ahal Dugu |
Ukatu Uribe Kostako Asanblada Transmaribibolloak egindako deiari erantzunez, ehundaka herritarrek egin zuten manifestazioa atzo arrastian Algortako kaleetan zehar, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren aldarrikapenakaz bat eginez. Hain zuzen ere, E28a “eduki aldarrikatzaile eta politikoz hustu eta kontsumorako festa bilakatu” gura izatea egotzi zion Getxoko Udalari Ukatuk, eta erakunde publikoak antolatutako ekitaldiei boikota egitera deitu zuen.
Indarkeria gora
Azken boladan LGTBIQ+ kolektiboko kideen aurkako “gorroto diskurtsoak hedatzen” dabiltzala eta horrek erasoak dakartzala salatu zuen Ukatuk. Horren adibide dira Getxoko San Isidro jaietan gertatutako eraso lesbofoboa edota azken aldian eskualdean ugaritzen ari diren pegatina transfoboak. Asanblada Transmaribibolloaren ustez, “faxismoa indarra hartzen ari da eta guztion ardura da aurre egitea, kaleetan, lantokietan, ikastetxeetan, sareetan eta orohar jendarteko esparru guztietan”. Hala, “antolakuntza eta borrokara” deitu zuen.
Arrazismoari ez
Bestalde, Ukatuk salatu gura izan zuen azken aldian eskualdean, eta bereziki Getxon zabaltzen ari diren diskurtso arrazistak. Bere iritziz, “gure herriak ez dira seguruagoak izango poliziaren presentzia handiagoarekin, baizik eta aberastasunaren banaketa justuago batekin, guztiontzat etxebizitza eskubidea bermatzearekin edota atzerritartasun legea indargabetzearekin, besteak beste”.
Azkenik, Uribe Kostako Asanblada Transmaribibolloak elkartasun beroena adierazi zion Palestinako herriari eta bere erresistentziari, Israeli boikota egitera dei eginez.
Atzoko manifestazioaren ostean irakurritako adierazpena:
Gaurko egunean, ekainak 28aren jatorri eta izaera iraultzailea aldarrikatu nahi dugu. Ekainak 28an Stonewalleko matxinadaren urteurrena ospatzen dugu. 1969an, sexu langilea zen emakume beltz trans batek adreilu bat jaurti zion poliziari, hiru eguneko istiluak piztuz. Lehen aldiz sexu eta genero disidenteok kaleak hartu genituen, jasaten genuen indarkeria eta jazarpenari aurre eginez eta poliziari oldartuz. Gurea borroka iraultzailea da, behetik, bazterretik eta ezkerretik sortzen dena.
Bestalde, gure kolektiboarekin eman ari den merkantilizazio eta asimilazio saiakera salatu nahi dugu. Kezka handiz ari gara ikusten nola zenbait instituzio, alderdi politiko eta enpresek negozioa egiteko eta euren burua zuritzeko erabili nahi gaituzten. Kapitalismoak borroka politiko eta sozialen asimilazio eta merkantilizazioa bilatzen du, eta horren adibide argiena Getxoko Udalak hemen bertan antolatu duen Pride-a da. Guk, honen kontrako boikotera deitzen dugu. Ekainak 28a eduki aldarrikatzaile eta politikoz hustu eta kontsumorako festa bilakatu nahi dute. Pride-ak gorputz normatibodun gizon zis, gay, txuri, gazte eta diruduna jartzen du erdigunean, kolektiboa osatzen dugun gainontzekoak bazterrean utziz. Non geratzen dira transak? Migranteak? Marika edo bollera prekarizatuak? Aniztasun funtzionala dutenak?
Gainera, haien politika neo-liberalak estaltzeko erabili nahi gaituzte, baita poliziaren zuritzea eta normalizatzea bultzatzeko ere. Osakidetzan murrizketak, etxegabetzeak, gentrifikazioa, errepresio poliziala, prekaritatea, subflubiala, Otxantegiko desalojoa, … Guzti horren atzean dauden berak dira Pridea sustatzen dutenak, eta ez diegu utziko estaltzen guzti hori ortzadarraren banderarekin.
Horrez gain, kaleak guretzat oraindik ez dira espazio seguruak. Heteroaraua zalantzan jartzen dugun heinean egiturazko indarkeria jasaten dugu, hori ez da berria, baina azken boladan gure aurkako gorroto diskurtsoak hedatzen dabiltza eta honen azken ondorioa gure kontrako erasoak dira. Faxismoa indarra hartzen ari da eta guztion ardura da aurre egitea, kaleetan, lantokietan, ikastetxeetan, sareetan eta orohar jendarteko esparru guztietan. Honen adibide bat da Andra Mariko jaietan gertatutako eraso lesbofoboa edota azken aldian eskualdean ugaritzen ari diren pegatina transfoboak. Ez gaituzue armairuetara itzularaziko, kaleak gureak dira eta arauak lehertzen jarraituko dugu!
Batzuek hilda nahi gaituzte. Beste batzuentzat berriz negozioa egiteko aukera baino ez gara. Baina guk aurre egingo diegu batzuei zein besteei. Sexu eta genero disidente guztioi deia luzatzen diegu antolatu daitezen, gure arteko sareak indartu ditzagun, espazio seguruak lortuz eta berriak geureganatuz, antolakuntza eta borroka delako bide bakarra.
Honekin batera, salatu nahi dugu azken aldian eskualdean, eta bereziki Getxon zabaltzen ari diren diskurtso arrazistak. Gure herriak ez dira seguruagoak izango poliziaren presentzia handiagoarekin, baizik eta aberastasunaren banaketa justuago batekin, guztiontzat etxebizitza eskubidea bermatzearekin edota atzerritartasun legea indargabetzearekin, besteak beste.
Azkenik, hemendik gure elkartasun beroena Palestinako herriari eta bere erresistentziari. Irmoki gaitzesten dugu Israeleko estatu terrorista eta kolonialak aurrera daraman genozidioa, baita hori posible egiten dutenen konplizitatea. Ibaitik itsasora, Palestina garaipenera!
Israeli boikota, Palestina askatu!
Gora borroka transmaribibolloa!
