2024/06/15

Subflubialaren kontrako asteburuko kanpaldia egingo dute irailean Artatzan

240615-subflubialaez-manifestazioa
Ekainaren 15eko manifestazioa / © Subflubiala Ez plataforma

Subflubiala Ez plataforma herritarrak deituta, Getxo eta Portugalete lotuko dituen itsasadarraren azpiko errepidearen kontra kalera atera dira dozenaka eragile eta herritar, gaur arrastian. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako egitasmoak eragindako dituen kalteak zerrendatzeaz gainera, hurrengo mobilizazioaren berri eman dute antolatzaileek: irailaren 21ean hasita, aste-akabu osoan luzatuko den kanpaldia egingo dute Itzubaltzeta/Romoko Artatza parkean. “Kalera ateratzen jarraituko dugu proiektu hau gelditu arte”, ohartarazi dutenez. 

Aldundiak berak onartzen duenez, itsasadarraren azpiko errepideak inguruko trafikoa handituko du, eta, beraz, kutsadura eta berotegi-efektuko gasen emisioak handituko ditu. Hala ere, EAJren eta PSE-EEren babesaz EAEko hurrengo lehendakaria izango den Imanol Pradalesek sustatutako proiektuagaz aurrera jarraituko dute, nahiz eta Pradales Aldunditik kanpo egon jada. 

Errepide horren “benetako kostua 600 milioitik gorakoa” izango da, Subflubiala Ez plataforma herritarraren arabera; Aldundiak aipatutako 450 milioi euroetatik nahiko urrun. 

Horrez gainera, besteak beste, Itzubaltzeta/Romon, Artatzako parkearen heren bat suntsituko dute subflubiala eraikitzeko lanek; eta bibrazioak, zarata, hautsa, kutsadura eta abar areagotuko dira ingurune guztian. Kalte horiek bereziki Aratza-Romo institutuari eragingo ei diote, lanak bere patioan bertan izango dituelako. 

Metroen maiztasunak 

Subflubiala Ez plataforma herritarraren uste, proiektuak ez dio behar bezala heltzen Bilboko metropoli aldean mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integrala egiteko beharrari. Ildo horretan, gaurko manifestazioagaz bat egin du Uribe Kostako EH Bilduk, Sopelan, Urdulizen eta Plentzian Metro Bilbaoko trenen maiztasuna handi dezatela beste behin exijitzeko. 

 

Gaurko manifestazioan irakurritako adierazpena: 

Hamaika dira gaur Subflubialaren aurka kalera ateratzea eragin diguten arrazoiak. 

Diru-xahuketa delako: Hasieran 450 milioi euroko aurrekontua zuen, eta benetako kostua 600 milioitik gorakoa izango da, materialen prezioen igoera dela eta. Izan ere, kostuak bikoiztu egin dira zenbaitetan, hala nola SuperSurean, hasierako aurrekontua bikoiztu. Gure ustez diru publikoa zerbitzu publikoetara bideratu behar da, ez eraikuntza enpresen poltsikoak betetzera. 

Plangintza eskasa duelako: Obrak ez dio behar bezala heltzen Bilboko metropolialdean mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integrala egiteko beharrari. Bide-azpiegitura handitzeak auto partikularra erabiltzea sustatzen duen dei-efektua sortzen du. 

Ingurumen-inpaktuagatik: Aldundiak berak onartzen duenez, Subflubialak inguruko trafikoa handituko du, eta, beraz, kutsadura eta berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak handituko ditu. Hori Aldundiaren beraren helburuen aurka doa. 

Mugikortasun-politikan duen eraginagatik: Ibilgailu pribatuaren erabilera sustatu beharrean, garraio publikoa, bizikleta, joan-etorri luzeen beharra murriztuko duten lurralde-antolamenduko politikak eta familia-bizitza bateragarri egiteko neurriak lehenetsi beharko lirateke. 

Ingurunean eragingo dituen kalteengatik: Subflubiala eraikitzeak kalte larriak eragingo dizkie Sestao, Portugalete, Trapaga, Getxo eta Leioako biztanleei. Artatzako parkearen heren bat suntsituko du eta bibrazioak, zarata, hautsa, kutsadura eta abar handituko du lanen. Ingurune guztian. Kalte horiek bereziki Aratza-Romo institutuari eragingo diote, lanak bere patioan bertan izango baititu. 

Horregatik guztiagatik, atera gara kalera gaur, eta kalera ateratzen jarraituko dugu proiektu hau gelditu arte. Berez, gaurkoan gure hurrengo ekimena iragarri nahi dizuegu. Irailaren 21ean asteburu osoko akanpada bat egingo dugu Artatza parkean. Asteburu oso batean zehar bizitza emango diogu parkeari, ekintza ludiko eta kulturalen bidez, eta argi utziko dugu lursail hau defendatuko dugula azpiegitura txikitzaile eta inposatuaren aurrean. 

Erdu zu be bai akanpadara! 

Guztion artean Subflubiala geldituko dugu! Irailean ikusiko dugu elkar!