2024/06/14

Gerra-garaiko bonbardaketak lez, memoria historikoa ahaztuta ei dauka Erandioko Udalak

240613-anv-liburuaurkezpena-erandio
Erandioko bonbardaketek eragindako biktimak gogoratu zituzten, Eduardo Renovalesen liburu-aurkezpenagaz batera / © Sare Antifaxista

1936ko gerran Erandio astindu zuten nazi-faxisten bonbardaketen 87. urtemuga gogoratzeko, Eduardo Renobales Martin (Zierbena, 1956) historialaria eta idazlea gonbidatu zuen Sare Antifaxistak, DaThorren tabernara. Bertan aurkeztu zuen eguen arrastian “Historia del Batallón Olabarri. Los nombres de la Libertad” liburua, gatazka armatuan borrokatu ziren EAE-ANVren unitate horri buruz berba egiten duena. Bada, ekitaldia baliatu gura izan zuen faxismoaren kontrako eragile memorialistak, orain artean Erandioko Udaletik igaro diren agintariek bonbardaketan eta horiek eragindako biktimak gogoratzeko ezertxo ere egin ez dutela salatzeko. Sare Antifaxistak memoria historikoa eta berau lantzen duten taldeak alde batera lagatzea egotzi die. 

1937ko apirilaren 22tik 26ra bitartean, Erandio bortizki eraso zuten Francoren zerbitzura zeuden Alemaniako nazien eta Italiako faxisten hegazkinek: horren eraginez, 29 hildako eta 37 zauritu egon ziren, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintza Sailak 1937ko ekainaren 9an jakinarazi zuenez. Horren akorduan, eguen honetan, ekainaren 13an, Erandion bertan, “Historia del Batallón Olabarri. Los nombres de la Libertad” liburua aurkeztu zuen Eduardo Renobales Martin (Zierbena, 1956) historialariak eta idazleak. 

Hitzordua 19:00etan ipini zuen Sare Antifaxistak, DaThorren tabernan (San Inazio kalea). Iean ere, zapatu hobetan, hilaren 15ean (zapatuan), 87 urte beteko dira Francoren matxinoek Erandio hartu zutela.