2024/06/10

Eduardo Renobales (historialaria): “EAE-ANVren gudari askok ez zuten bizi izandakoen lekukotasunik emateko aukerarik izan, inork eskatu ez zielako"

240613-anv-liburuaurkezpena-erandio
Liburuaren aurkezpena Erandion / © Sare Antifaxista
1937ko apirilaren 22tik 26ra bitartean, Erandio sutsuki eraso zuten Francoren zerbitzura zeuden Alemaniako nazien eta Italiako faxisten hegazkinek: horren eraginez, 29 hildako eta 37 zauritu egon ziren, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintza Sailak 1937ko ekainaren 9an jakinarazi zuenez. Horren akorduan, eguen honetan, ekainaren 13an, Erandion bertan, “Historia del Batallón Olabarri. Los nombres de la Libertad” liburua aurkeztuko du Eduardo Renobales Martin (Zierbena, 1956) historialariak eta idazleak. Hitzordua 19:00etan ipini du Sare Antifaxistak, Dathorren tabernan (San Inazio kalea). Hain zuzen ere, bi egun beranduago, hilaren 15ean (zapatuan), 87 urte beteko dira Francoren matxinoek Erandio hartu zutela. 

Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) Olabarri batailoiari buruz dihardu Renobalesen liburu berriak. Sare Antifaxistak argitaratutako lanean, 1936ko gerran zehar EAE-ANVren unitate hori osatu zuten 1.500 militante ekintzaileetatik 800en izenak batu ditu historialariak. Liburua e-posta bidez eros daiteke (antifaxista.ekintza@gmail.com), 15 euroan (gehi bidalketa-gastuak / Correosen tarifa). 
 
EAE-ANVren Olabarri batailoiko kideen izenak jaso dituzu liburuan. Uribe Kostako eta, zehazkiago, Erandioko militante ekintzaileak ere borrokatu ziren bertan? 

Funtsean, EAE-ANVk alderdi politiko bezala izan zuen papera ikertu izan dut nik; ideologikoki euskal nazionalismoa birsortzeko eta hori aurrera egiteko burutu zuen lana, alegia. Bada, Uribe Kostan eta, zehazkiago, Erandion jatorria zeukaten militante ekintzaileen artean, 120 bat kideren zerrenda osatu dut. Erdia baino gehiago EAE-ANVren batailoietan sartuta zeuden. Gehienak, Olabarrin, hau da, EAE-ANVren lehenengo batailoian. Izan ere, bizkaitarrez osatuta zegoen hori. Baina, Euzko Indarra eta Askatasuna izenekoetan ere bazegoen baten bat. 

Zein gudutan parte hartu zuten Uribe Kostan eta, zehazkiago, Erandion jaiotako EAE-ANVren gurariek? 

Olabarri batalioiko gudariak Gerra Zibileko saltsarik latzenetan nahastuta egon ziren. Markina eta Lekeitio inguruan ekin zioten borrokari eta, bertan, hildako bat edo beste egon zen jada. Ondoren, Albertia mendiko (Araba) batailan parte hartu zuten, Legutioren aurkako erasoaldian. Borroka horretan, egun eta erdian bakarrik, 55 militante ekintzaile zendu ziren, horietako batzuk Erandiokoak. Sollubeko batailan ere egon ziren. Horretan ehun hildako baino gehiago izan zituen batailoiak. Eta gero, erretiratzean, hainbat erasoalditan parte hartu zuten, Enkarterrin, Han ere hainbat hildako izan zituzten. Orotara, Olabarri bataliokiko 200 gudari baino gehiago zendu ziren. Hildako kopuru oso handia da hori. 

Era berean, zer eginkizun izan zuten EAE-ANVren batailoek Uribe Kostaren eta Erandioren defentsan? 

Bilboko Burdin Hesia apurtu ondoren, uztailaren 18ko estatu-kolpea eman zuten tropa matxinoek okupatu zuten eremu hori. Eta ia ez da borroka handirik egon inguru horretan. Sollubeko guduaren ondoren, atzerakada nahiko orokorra izan zen, lehenik eta behin, Bilbo ingurua, Burdin Hesia, defendatzeko. Eta matxinoek defentsa-lerro hori apurtu zutenean ekainaren 12an, ia eremu osoa erori zen euren eskietan. Matxinatuen tropek, batez ere Nafarroako Brigadek eta Francoren zerbitzurako boluntario italiarrek, inguru osoa okupatu zuten, Plentziatik Areetarantz; eta itsasadarrean barrena aurrera egin zuten Erandio inguruan, Bilborantz eta Areetarantz ere bai. Gauzak horrela, tropa errepublikarren erretiratzea moztu zuten eta, kasu askotan, itsasadarra modu txarrean igaro behar izan zuten gudari eta milizianoek, Bilbo aldeko zubiak zein Getxo eta Portugalete arteko Zubi Esekia bera lehertu zituztelako.

Erandioko familia bereko hainbat kide ere hil egin ziren EAE-ANVgaz borrokan... 

Erandiori dagokionez, dozena bat gudarik baino gehiagok hil ziren, horien artean Zarraga familiako kideak: Donato Zarraga Azkorra eta bere anaia Rafael Sollubeko guduan hil ziren, ordu gutxiren bueltan, 1937ko maiatzaren 6tik 7ra bitartean. Beste zarragatar batzuen artean, familia berekoak seguru asko, lehengusuak eta abar... Jesus Zarraga Etxebarria ere Solluben hil zen, Ramon Zarraga Kamiruaga bataila horretan zauritu zuten eta Luis Zarraga Rementeria Albertiako guduan zendu zen, 1936ko abenduaren 2an. 

Sendi hori oso ezaguna zen Erandioko Euzko Etxean, familia ugaria zen. Eta, ondo baino hobeto ikus dezakegunez, beren odolarekin garesti ordaindu zuten borrokatu izana. Gainera, ohikoa izan zen bezala, ordaindu ezin zituzten isunak ezarri zizkieten euren senideei. Hori dela eta, ondasunak, lurrak eta lokalak bahitu zizkieten. Azken finean, heriotzaren tragedia sufritzeaz gain, bizirik geratu zirenek isun ekonomikoei aurre egin behar izan zieten. Are gehiago hondatu zuten senideak galdu zituzten horiek bizitzak. 

EAE-ANVren gudariek mahikoa errekonozimendu izan dute? 

Errekonozimendua, oso gutxi. “Bat ere ez” esan behar nuen, baina ez dut horren hertsia izan nahi. Jakina, Francoren erregimena indarrean egon zen bitartean ez zuten inolako aitorpenik jaso: “gorri separatistak” ziren eta ez zuten minutu bat bera ere erabili horiek oroitzeko, ezta bartzeko ere, nahiz eta motxinoak oso katolikoak izan. Frankismoaren amaiera iritsi zenerako, berriz, oso nagusiak ziren EAE-ANVren gudari gehienak eta apurka-apurka hiltzen joan ziren. Askok ez zuten bizi izandakoen lekukotasunik emateko aukerarik izan, beste gauzen artean, inork ez zielako eskatu. 

Zerbait egin da, baina, nire ustez, oso modu eskasean. Ez da gauza handirik lortu. Bizipen horiek guztiak bildu ahal izateko denbora preziatu bat galtzen utzi dugu, gutxienez jende horren guztiaren oroitzapena eta sufritu zuena islatuta gera zedin. Hori guztia galdu egin da, kasu askotan betiko, arrastorik utzi gabe.