2024/06/04

Sionisten konplizeak salatu dituzte Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatuz

240604-khalas-palestina-jaurlaritza
© Khalas! Palestina-Uribe Kosta

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu du gaur arrastian Khalas Palestinaren aldeko Uribe Kostako elkartasun-taldeak EAEko gobernuak “Palestinaren okupazioagaz eta Gazako sarraskiagaz duen konplizitatea” salatzeko. Sionisten laguntzaile diren enpresak ere seinalatu dituzte; tartean, Areetan egoitza daukan Sener armagintza-enpresa. 

Begiak estalita eta eskuak lotuta, ekintzaileek pintura gorria bota dute euren buruen gainetik. Khalasek adierazi duenez, “beharrezkoa da kolonizazioan eta genozidioan Israelen laguntzaile diren herri-erakunde eta enpresak salatzea, eta konplizitate horien amaiera exigitzea”. 

Ertzaintza bertaratu da eta ekintzaileak kanporatu ditu. Kide guztiak arrastaka atera eta identifikatu egin dituzte. “Palestinaren deskolonizazioa lortu arte konplizitateak salatzen jarraituko dugu”, ohartarazi dutenez.