2024/10/27

Anton Fernandezen eta Josu Muruetaren hilketak gogoratzen jarraitzearen beharraz ohartarazi dute

241027-josu-anton-gogoan
© Sare Antifaxista

Aurreko urteetan egin legez, dozenaka herritar batu da gaur, 1969ko kutsaduraren kontrako mobilizazioen testuinguruan, Francoren poliziak tiroz hildako Josu Murueta astrabuduarra eta Anton Fernandez altzagarra gogoratzeko. Aurten 55 beteko dira gertaera horietatik eta, Astrabuduko Josu Murueta plazan egindako ekitaldian, Erandioko Oroimena herri-ekimenka “ezinbestekotzat” jo du oroitzapen-ariketa horregaz segitzea, gertaerok “ahanzturan eror ez daitezen”. Azpimarratu dutenez, hilketa horiengatik “inortxok ere ez zuen erantzukizunik hartu edo azalpenik eman”. Bada, modu ezberdinetan, urte hauetan denetan kutsadura zein Josuren eta Antonen erailketak salatu dituzten pertsona eta taldeak gogoratu gura izan dituzte gaur: Txetxu Aurrekoetxea, Josu Cerrato, Ana Krespo... eta abar luze bat. Halaber aipamen berezia izan dute, Josunerentzat, duela gutxi zendu zen Pili Arenza eta Josu Muruetaren alabarentzat, bere amagaz eta Idoia ahizpagaz batera, urte luzez familiarentzat justizia eskatzen ibili zena. 

2024/10/19

Badator 25. Indabada! Aurten indaba-txapelketa ere egingo dute

algortako-indabada
© Algortako Indabada

Mende laurdena egingo du aurten Algortako Indabadak, eta zalantza barik hori posiblea izan da pertsona eta belaunaldi askoren lanari eta inplikazioari esker. Hori guztia ospatzeko aukera egongo da aurtengo hitzorduan, urriaren 26an, "Uzta jasotzeko garaia" lelopean. Aurtengo Indabadari dagokionez, formatu bikoitza probatuko dute lehendabiziko aldiz. Alde batetik, ohiko indaba-jana eta egitaraua egongo da, Algortako Txiki-Otaegi plazan. Bestetik, eta aurtengo berrikuntza gisa, Indabada Txapelketa antolatu dute izena ematen duten koadrillen artean, Biotz Alai plazan, bigarren gune bat sortuz Indabada Egunean ahalik eta lagun eta belaunaldi gehien egunaren parte izateko. 

2024/10/12

Ertzaintzak faxistak babestu eta antifaxistak erasotu ditu urriaren 12an Bilbon

241012-erresistentziaantifaxista-ertzaintza-oldarraldia
Zaurituetako bat / © Alerta Gorria irratia
Gutxienez zortzi lagun identifikatu eta bi zauritu ditu, eta beste bat atxilotu du Ertzaintzak, Erresistentzia Antifaxistak Bilbon deitutako manifestazioaren bukaeran. Sare Antifaxistak eta Ecuador Etxeak baieztatu dutenez, polizia autonomikoak Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren aurrean batutako falangista talde bat babestu eta antifaxistak erasotu ditu. 
 

Areetako taberna bateko langileek jasandako lan-esplotazioa eta sexu-abusuak salatu dituzte

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen eguenean Areetako metro-geltoki ondoko taberna batean hainbat emakume lan-kontratu barik behin eta berriz enplegatzea eta abusuzko lan-baldintzak ezartzea leporatuta. Gainera, establezimenduaren jabeari sexu-eraso delituak ere egotzi dizkiote. Hala, dozenaka lagunek egin zuten kontzentrazioa atzo, Xake plazan, Eskumaldeko LABek eta Itzubaltzetako Talde Feministak deituta. Gaur goizean, berriz, leihoak margoz beteta agertu da taberna. Dirudienez, oraindino zabalik daukate.

Lamiako Txopoeta Bizirik: “Administrazio publikoen utzikeriaren, abandonuaren eta interesik ezaren ondorioa dira gure aldarrikapenak”

lamiako-txopoeta-bizirik
Egindako mobilizazio baten artxiboko irudia / © Lamiako Txokoeta Bizirik

Ia urte bi daroatzate euren auzoak duinak izateko beharrezkoak diren aldaketak eskatzen Lamiako Txopoeta Bizirik taldeko kideak. Metroa erabat lurperatzea, Lamiakoko ibarra berreskuratzea, ekipamenduak eta beharrizanei araberako hirigintza jasangarria aldarrikatzeko asmoz, hamaika ekimen egin dituzte. Euren ustez, Leioako Udalarena da ardura nagusia: “Beharrezkoa bada, beste erakunde batzuekin esku-hartzeko mekanismoak abian jar ditzala, berandu baino lehen”.