![]() |
| Epaitutako lagunari elkartasuna adierazi zioten / © Sare Antifaxista |
Bilbon epaitu zuten atzo Otxantegiko (Berango) herri-lurrak hustu zituzten egunean Ertzaintzak atxilotutako laguna. Gazteari “atentatua, desordena publikoak eta erresistentzia larria” leporatzen dizkiote. Hala ere, akusazio horiek “polizia-muntaiatzat” jo dituzte bere kideek. Epaiaren zain dago orain. Hala ere, “gertatzen dena gertatzen dela, lurraren defentsan tinko” segituko dutela ohartarazi dute Otxantegikoek. Bitartean, epaitegiaren kanpoaldean, hainbat lagunek elkartasuna adierazi zioten epaitutako lagunari.
Otxantegiko herri-lurren sustatzaileek “gezurtzat” jo dituzte atzo epailearen aurrean ertzainek esandakoak. Horren adibide lirateke “haien arteko kontraesanak”. Nabarmendu dutenez, “haien helburua beldurra gorputzean sartzea da. Ez dute gura oztoporik jauntxoek, enpresek eta Udalak beraien negozioekin jarrai dezaten”.
Ekintzaileek ohartarazi dute ez dutela onartuko “eskualdean gelditzen zaizkigun lur emankorrak porlanez betetzen jarraitzea, gutxi batzuen diru-gosea asetzeko”. Otxantegikoek diotenez, “kanporatu bagaituzte ere elikadura-burujabetza aldarrikatzen jarraituko dugu eta, horretarako, lurraren defentsa ezinbestekoa dugu”.
Isunak noiz iritsiko zain
Orain, desalojo-egunean identifikatutako lagunei jarritako 41 isunen zain daude Berango aldean. Gauzak horrela, “errepresio ekonomikoari aurre egiteko”, Otxantegiko arto-irinagaz egindako taloak saltzen dabiltza, udan zehar, herriko jaietan; eta kamisetak ere dauzkate salgai.
