2024/07/12

Otxantegiko epaituari 1.600 euro baino gehiagoko zigorra ipini diote

240509-otxantegi-desalojoa-kontzentrazioa
Maiatzaren 9an Otxantegiko herri-lurren desalojoa salatu zuten Berangon / © Otxantegi Herri Lurra

“Atentatua, desordena publikoak eta erresistentzia larria” leporatuta, Bilbon epaitu zuten martitzenean Otxantegiko (Berango) herri-lurrak hustu zituzten egunean Ertzaintzak atxilotutako laguna. Bada, ekintzaileek Sare Antifaxistari jakinarazi diotenez, epaia iritsi zaie jada: eguneko 6 euro ordaindu beharko ditu 9 hilabetez; 1.600 euro baino gehiago, alegia. Helegitea aurkezteko aukerak aztertuko dituzte. 

Bitartean, desalojo-egunean identifikatutako lagunei jarritako 41 isunen zain daude Berango aldean. “Errepresio ekonomikoari aurre egiteko”, Otxantegiko arto-irinagaz egindako taloak saltzen dabiltza, udan zehar, herriko jaietan; eta kamisetak ere dauzkate salgai. 

Lurraren defentsan tinko 

Epaiketa “polizia-muntaiatzat” jo zuten martitzenean Otxantegiko herri-lurren sustatzaileek. Ildo horretan, “gezurtzat” jo zituzten herenegun epailearen aurrean ertzainek esandakoak. Nabarmendu zutenez, “haien helburua beldurra gorputzean sartzea da. Ez dute gura oztoporik jauntxoek, enpresek eta Udalak beraien negozioekin jarrai dezaten”. 

Hala ere, “gertatzen dena gertatzen dela, lurraren defentsan tinko” segituko dutela ohartarazi zuten Otxantegikoek. Ekintzaileek ohartarazi zuten ez dutela onartuko “eskualdean gelditzen zaizkigun lur emankorrak porlanez betetzen jarraitzea, gutxi batzuen diru-gosea asetzeko”. Diotenez, “kanporatu bagaituzte ere elikadura-burujabetza aldarrikatzen jarraituko dugu eta, horretarako, lurraren defentsa ezinbestekoa dugu”.