Herriko festetan ere Palestinaren aldeko elkartasuna gauzatzeko, Khalas! Palestina-Uribe Kosta taldeak abiatutako ekimenagaz bat egin dute dozena eta erdi jai-batzorde, txosna-batzorde, txosna eta elkartek. Hala, udaldi honetan Uribe Kostan zehar ospatuko diren jai eta ekitaldietan Palestinaren aldeko jarrera erakutsi eta Israel burutzen ari den genozidioa, garbiketa etnikoa eta apartheid salatuko dituzte. Horiek denek prentsaurrekoa egin zuten atzo, Berangoko Santa Ana jaietan.
Berangoko Santa Ana jaietako prentsaurrekoan irakurritako adierazpena:
Sionismoaren aurka ekin, Palestinaren alde egiteko
Agiri hau sinatzen duten Uribe Kostako jaietako batzorde eta eragileek, Khalas! Palestina-Uribe Kosta taldeak abiatutako ekimen honekin bat egin dute, jaietan ere Palestinaren aldeko elkartasuna gauzatzeko.
Palestinako sarraskiarekin eta kolonizazioarekin jarraitzen du Israelgo gobernu genozidak, inpunitate osoz, nazioartearen laguntza zuzenarekin edota isiltasun konplizearekin. Palestinarrak erabat suntsitzeko plangintzarekin aurrera jarraitzen du sionismoak, batez ere Estatu Batuen eta Europar Batasunaren laguntzarekin, Israeli inpunitatea eta era guztietako laguntza ematen baitiote bere asmo kolonizatzailearekin aurrera egin dezan. Palestinarekin elkartasunez, Europaren jarduera kolonialista eta konplizea salatzea eta desegitea dagokigu, Euskal Herriaren barne, noski. Gurean ere erakunde eta enpresa asko dira sionismoaren sarraskia eta kolonizazioa laguntzen ari direnak.
Enpresa horietako bat oso presente dugu gure herrietan: Carrefour.
Bi eratara ari da sionismoa laguntzen:
1. Genozidioa laguntzen ari da, Gazako sarraskia burutzen ari diren Israelgo soldaduei janaria dohainik bidaltzen aritu baita.
2. Kolonizazioa laguntzen ari da, Cisjordanian palestinarrei lapurtutako lurretako koloniatan denda eta supermerkatu sarea eraikitzen ari delako.
Hortaz, Uribe Kostako jaietan eragile eta antolatzaile garenok honako erabakiak hartu ditugu:
1. Udaldi honetan Uribe Kostan zehar ospatuko diren jai eta ekitaldietan Palestinaren aldeko jarrera erakustea eta Israel burutzen ari den kolonizazioa salatzea, hau da, genozidioa, garbiketa etnikoa eta apartheid salatzea.
2. Sionismoak zuritzeko eta Israel normalizatzeko hainbat Israeldar talde aritzen dira kultur eta kirolekitaldietan. Jaietan burutu daitezkeen konplizitate horiei ere lekurik ez diegu egingo gure jaiguneetan, hau da, kultur boikota burutuko dugu.
3. Carrefour sareari (Carrefour, Carrefour Express, Supeco) boikota egitea, denda eta supermerkatu horietan ezer erosteari uko eginez.
Atxikimendua eman duten jai-batzorde, txosna-batzorde, txosna eta elkarteak:
- Erandioko Jai Batzordea
- Erromoko Jai Batzordea
- Txopoetako Jai Batzordea
- Getxoko Andra Mariko Jai Batzordea
- Armintzako Jai Batzordea
- Sopelako Txosna Batzordea
- Gorliz-Plentziako Txosnak: Danontzat Gaztetxea, Kandelaria Kultur Elkartea eta Arkote Arraun Taldea
- Berangoko Jai Batzordea
- Getxoko Santa Ana Jai Batzordea
- Hezetasunako Jai Batzordea
- Algortako Jai Batzordea
- Itsas Argia Elkartea
- Leioako txosnak: Gazte txosna, Leioako Musika Banda
Khalas! (Aski da!) Palestina – Uribe Kosta
Jaietan ere Palestinaren alde! Israeli eta bere konplizeei boikota! Sionismoa borrokatu dezagun!