2024/07/14

“Gurea Euskal Selekzioa” dela aldarrikatu dute Algortan

240714-euskalselekzioa-ofizialtasuna-algorta 
Espainiako eta Ingalaterrako futbol-selekzioek jokatuko duten Eurokopako finalaren atarian, berrehun bat herritar batu dira Algortako Txiki-Otaegi plazan, “espainolak edo frantsesak ez” garela eta “gurea Euskal Selekzioa” dela aldarrikatzeko. Izan ere, “Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ukatzen diguten horiek, kirolaren eta elkarbizitzaren argudioen bitartez, Espainiar selekzioaren agenda inposatu” gura digutela salatu dute deitzaileek, “gure herriak jasaten duen asimilazio nazionalean geroz eta gehiago sakonduz”. Ildo horretan, Euskal Herriak ere nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko gogoa azaleratu dute. 
 
“Gaurkoa ez da partidu soil bat”, gaurko elkarretaratzearen bitartez agerian utzi gura izan dutenez. “Euskal nortasuna deuseztatzeko eta azken urteetan hedatzen ari den espainolismoaren zabalpenerako” tresnatzat baliatzen ari direla uste dute. Eta “espainolismoaren normalizazio horretan” funtsezkoa deritzote EITB taldeko irratiak eta telebistak egiten ari diren “lana”. Halaber, Euskal Futbol Federazioak bizi duen “utzikeria” ere mahai-gaineratu gura izan dute: “2018ko abenduan Durangon hartutako erabakiaz ahaztu eta ofizialtasuna eskatzeko prozesua bertan behera uztean gain, gure selekzioa ahanzturara eramaten duen jarrera inmobilista bizi dugun normalizazio horren adierazle kezkagarria ere bada”. 

Gaurko kontzentrazio “Txoria, txori” euskal kanta ezaguna abestuz amaitu dute. 

 

Gaurko kontzentrazioan irakurritako adierazpena: 

Gaur hemen batu gara Euskal Herritarrak garela argi eta garbi adierazteko. Azken aste hauetan kaleetan eta komunikabideetan espainolismoaren normalizazioa ikusi dugu. Euskal selekzioaren ofizialtasuna ukatzen diguten horiek, kirolaren eta elkarbizitzaren argudioen bitartez, Espainiar selekzioaren agenda inposatu nahi digute, gure herriak jasaten duen asimilazio nazionalean geroz eta gehiago sakonduz. Normalizazioaren albo-kalte nabaria da ere Euskal Futbol Federakundeak azken urteotan bizi duen utzikeria. 2018ko abenduan Durangon hartutako erabakiaz ahaztu eta ofizialtasuna eskatzeko prozesua bertan behera uztean gain, gure selekzioa ahanzturara eramaten duen jarrera inmobilista bizi dugun normalizazio horren adierazle kezkagarria da ere. 

Gaurkoa ez da partidu soil bat, izan ere, euskal nortasuna deuseztatzeko eta azken urteetan hedatzen ari den espainolismoaren zabalpena du helburu eta Espainia gure herria zapaltzen duen estatua izanik, ez dugu gure kaleetan espainolismoaren normalizaziorik nahi. 

Nazio bat garelako, Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan herri gisa parte hartzea nahi dugu eta futbolaz baliatuta gure herrian espainolismoa normalizatu nahi duten horiei argi diegu; Gu ez gara espainolak ezta frantsesak ere eta gurea Euskal Selekzioa da!