2024/09/27

Irakasle “faxista” Zuzenbide Fakultatetik kanpo gura dute ikasleek

© Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboa

Zuzenbide Fakultateko irakasle “faxistaren” kaleratzea exijitzeko mobilizatu dira gaur ikasleak. Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboak zehaztu duenez, ikastegi barruan egindako eserialdian, aurreikusita zegoen eskola etetea lortu dute, “Faxistak kanpora” lelopean. Sare sozialetan “jarrera erreakzionarioak” erakutsi ditu Lan Zuzenbideko irakasle horrek. “Izaera ultraeskuindarreko eta arrazistako” adierazpenak partekatu ditu, X plataformaren bitartez, mezu matxistak eta homofoboak tartean. Hainbat iturrien arabera, gaurko ekintza Ernaik hartu du beregain, eta EHUk gertatutakoa gaitzetsi du. 

2024/09/26

Sopelako Udalak herriko kolektiboekiko “mespretxua” erakutsi duela salatu du Txosna Batzordeak

IMG-20240926-WA0004
Sopelako Txosna Batzordearen gaurko prentsaurrekoa.

Larrabasterrako txosnei fidantzaren dirua kendu izanaren inguruan, Sopelako Udalak prentsara zabaldutako oharrean esandakoak gezurtatu gura izan ditu Txosna Batzordeak, ostegun honetan egindako prentsaurrekoan. Eragileak adierazi duenez, “akatsez beteta” dagoen Udaltzaingoaren txostenean oinarritu da tokiko erakundea erabakia hartzeko, gertatutakoak eurekaz kontrastatu barik. Ustez, Jaietako Ordenantza urratu izanaz ari da txostena. Aldebakartasun hori da Txosna Batzordearen haserrea piztu duena: “Arazoa ez da fidantzaren dirua ez berreskuratzea, Udalak herriko kolektiboekiko izan duen mespretxua baizik. Udalak oso erraz ekidin zezakeen egoera hau. Lehendabizi, gurekin kontrastatuz, fidantza ez itzultzeko erabakia partekatuz; eta, gerora, akatsez betetako prozedurari bukaera emanez”, adierazi dutenez. 

Gudari Eguna 2024. Gogoan zaituztegu!

IMG_20240926_195029
Pankarta eskualdean egongo den mobilizazioetako bat iragartzen.

Erregimen frankistak fusilatu eta 49 urtera, ETA erakunde armatuko kide izandako Juan Paredes Manot "Txiki" zarauztarra eta Anjel Otaegi Etxebarria azpeitiarra gogoratuko ditu irailaren 27ko (barikua) Gudari Egunak. Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideakaz batera erail zituzten. Haiek eta bidean geratu diren lagunak gogoratzeko, mobilizazioak izango dira Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Uribe Kosta eskualdean ere. Adi mobilizazioetara!

Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren Azoka aste-akabuan Portugaleten

Ira 27-29 Material Politikoaren Azoka (Portugalete)

Irailaren 27tik 29ra bitartean, Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren Azokaren seigarren edizioa egingo du Sare Antifaxistak, Portugaleteko merkatuan (Casilda Iturrizar kalea, 1); sarrera, doan. Hala, 43 kolektibok eta argitaletxek salgai ipiniko dituzte euren lanak. Horrez gainera, erakusketa, liburuen aurkezpenak, musika-emanaldiak...egongo dira. Besteak beste, Bernd Langer ekintzaile antifaxistaren “Antifaschistische Aktion. Geschichte einer linksradikalen Bewegung” (Ekintza antifaxista. Ezkerreko mugimendu erradikal baten historia) liburua aurkeztuko du espainolera itzuli duen Klaus Armbrusterrek. Baskale elkarteko kidea da bera, eta liburua Sare Antifaxistak plazaratu du aipatu elkarteagaz elkarlanean.

2024/09/24

Egueneko udal batzarrean jarraituko du Irurak Bat etxearen eraisketaren gaineko eztabaidak

240919-getxo-lurralde-batzordea
Irailaren 19an egin zuten Algortako Irurak Bat etxearen eraisketari buruzko Lurralde Batzordea / © Getxoko Udala

Getxoko Lurralde Batzordearen irailaren 19ko bilkuran ez zuen argibide handiegirik eman Alvaro Gonzalez (EAJ) Hirigintza zinegotziak. Lau orduz luzatu zen batzarrean, ia-ia Algortako Irurak Bat etxearen eraisketa-lanen berri ez zeukatela berriro esatera baino ez zen mugatu udal agintaria. Dirudienez, Gonzalezek adierazitakoak nahikoak izan ziren jelkideen gobernukide PSE-EErentzat. Batzarrera erretxinduta joan ziren. Baina, ordutik ez dute gaiari buruz ezer gehiago aipatu. Oposizioko alderdiek, ordea, “ez nahikotzat” jo zuten bilkura. Eguen honetako (hilak 26) udal batzarreko, presazko mozio bana aurkeztu dutela iragarri dute jada PPk eta Ahal Duguk.