2024/09/15

Jet pribatuak ere klima-aldaketaren arduradun direla salatu dute Sondikako aerodromoan

240914-jauziekosoziala-jetpribatuak

Hainbat bizikletari Sondikako tren geltokian elkartu ziren 12:30ean / © Jauzi Ekosoziala

Besteak beste, Algortako Telletxe plazatik abiatuta, Sondikako aerodromoan amaitu zen atzo Jauzi Ekosozialak antolatutako bizikleta-martxa, "jet pribatuen" kutsadura salatzeko helburuagaz. "Luxuaren aurrean nahikotasuna" lelopean, aerodromoan, jet pribatuen kanporatzea exijitu zuten manifestariek. Eguenean, Jauzi Ekosozialak, "turismoak pertsonengan eta ingurumenean duen eragina agerian uzteko", ekintza bat egin zuen Algortako Ereaga hondartzan, Bertan, eragile ekologistako ekintzaileek, eskuareen laguntzaz, ‘Turismo eredu honek hiltzen gaitu’ lelo adierazgarria idatzi zuten hondartzako harean.

Gure herriak harrera-leku bilakatzeko baliabide denak ipintzea eskatu diete Mankomunitateari eta Udalei

240915-oee-itsasoak-dakarkiguna
© Ecuador Etxea

Urtero legez, "Itsasoak dakarkiguna" performancea egin du gaur eguerdian Ongi Etorri Errefuziatuak (OEE) taldeak, Algortako Ereaga hondartzan. Gure hiriak eta herriak "harrera-lur" izatea gura du OEEk, gurera iristen direnek baldintza duinetan bizi daitezen, udal-errolda eskura dezaten, oinarrizko eskubideak bermatuta izan ditzaten, hala nola osasun-txartela, adingabeen eskolatzea, Lanbideko ikastaroak egiteko aukera edo oinarrizko gizarte-prestazioak. "Zuzenean eskatu nahi diegu gure udalei, Uribe Kostako Mankomunitateari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, gizarte zibilarekin batera, behar diren baliabide guztiak jar ditzaten gure hiriak eta herriak harrera-leku eta bizikidetzaren eta inklusioaren benetako eredu izan daitezen, eta inor kalean utz ez dadin", esan dutenez. 

2024/09/13

Lokutorio-grebari ekin diote gaur Zaballako espetxean dauzkaten eskualdeko lau preso politikok

zaballa-espetxera-martxa
Zaballako espetxera egindako martxa baten artxibo-irudia / cc-by Hala Bedi

Azken hilabetean lokutorioetan suertatu diren matxurak direla eta, pazientzia agortu zaie Arabako Zaballa espetxean dauzkaten 13 euskal preso politikori. Besteak beste, Aitor Cotano algortarrak eta Orkatz, Lexuri eta Irantzu Gallastegi berangoztarrek lokutorio-grebari ekitea erabaki dute. Kartzelako zuzendaritzak matxura denak behingoz konpondu arte protestan segitzeko asmoa daukate, bisitak baldintza duinetan egin ahal ditzaten.

Egungo turismo-eredu "jasanezina" salatu dute Algortako Ereaga hondartzan

 
© Jauzi Ekosoziala

Udako "turismo eredu neurrigabearen inpaktu kezkagarria" salatzeko asmoz, Jauzi Ekosoziala talde ekologistak protesta-ekintza egin zuen atzo, Algortako Ereaga hondartzan. Hala, "Turismo-eredu honek hiltzen gaitu" leloa idatzi zuten harean ekintzaileek. Hain zuzen ere, jarduera "eutsiezin" horren adibideak dira Getxoko Kirol Portura datozen bidaiarien ontziak eta, besteak beste, Algortako Portu Zaharrean biderkatu diren etxebizitza turistikoak. Bada, "Krisi ekosoziala ez doa oporretan" kanpainari segida emateko asmoz, zapatu honetan bertan, Sondikako aerodromora egingo dute bizikleta-martxa (ikusi kartela), jet pribatuek eragiten dituzten berotegi gasen isurketak salatzeko. Zutabeetako bat Algortatik bertatik aterako da: 11:00etan, Telletxe plazatik.

2024/09/12

Irurak Bat etxearen eraisketak desadostasunak sortu ditu udal gobernuko kide Getxoko EAJren eta PSEren artean

irurak-bat-eraitsita
Irurak Bat etxearen eraisketak utzitako orubea / © Getxoko EH Bildu

Ez dirudi Getxoko Udal Gobernuak osatzen duten alderdi bien arteko harremanak unerik gozoenak bizi dituztenik. Are gutxiago, EAJren udal bozeroalea eta beste zinegotzi jelkide bat babestutako Algortako Irurak Bat etxea baimen barik bota zuen Ereaga Atalaya kooperatibako kideak direla lau haizetara zabaldu ostean. Bertan, luxuzko etxebizitzak altxatu gura dituzte. Bada, EAJren gobernukide Getxoko PSE-EEk ez du begi onez hartu Udalak arrastiko azken orduan prentsa-oharra zabaldu izanagaz. PSEren ustez (espainolez), “azkarregi” doa EAJ, informazio hori zabalduta, “eraikina bota zuen enpresari zabaldutako espedientearen nondik norakoak oraindik azaldu ez” dizkiolako. Irailaren 19an izango den Lurralde Batzordearen “emaitzen” zain daude PSE-EEkoak.