2024/07/24

Arrazismoari aurre egin eta horren aurrean antolatzera deitu dute Algortan

Atzo aurkeztu zuten ekimena, agerralde baten bidez / © Ez Irentsi

Kalean zabaltzen ari diren jarrera eta diskurtso arrazisten kontrako erantzuna ematera eta horien aurrean antolatzera deitu dute Algortan. Bereziki, herriko gazteei egin diete borrokara batzeko deia, "Ez irentsi arrazakeriaren amua" lelopean.

2024/07/14

“Gurea Euskal Selekzioa” dela aldarrikatu dute Algortan

240714-euskalselekzioa-ofizialtasuna-algorta 
Espainiako eta Ingalaterrako futbol-selekzioek jokatuko duten Eurokopako finalaren atarian, berrehun bat herritar batu dira Algortako Txiki-Otaegi plazan, “espainolak edo frantsesak ez” garela eta “gurea Euskal Selekzioa” dela aldarrikatzeko. Izan ere, “Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ukatzen diguten horiek, kirolaren eta elkarbizitzaren argudioen bitartez, Espainiar selekzioaren agenda inposatu” gura digutela salatu dute deitzaileek, “gure herriak jasaten duen asimilazio nazionalean geroz eta gehiago sakonduz”. Ildo horretan, Euskal Herriak ere nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko gogoa azaleratu dute. 
 

2024/07/12

Otxantegiko epaituari 1.600 euro baino gehiagoko zigorra ipini diote

240509-otxantegi-desalojoa-kontzentrazioa
Maiatzaren 9an Otxantegiko herri-lurren desalojoa salatu zuten Berangon / © Otxantegi Herri Lurra

“Atentatua, desordena publikoak eta erresistentzia larria” leporatuta, Bilbon epaitu zuten martitzenean Otxantegiko (Berango) herri-lurrak hustu zituzten egunean Ertzaintzak atxilotutako laguna. Bada, ekintzaileek Sare Antifaxistari jakinarazi diotenez, epaia iritsi zaie jada: eguneko 6 euro ordaindu beharko ditu 9 hilabetez; 1.600 euro baino gehiago, alegia. Helegitea aurkezteko aukerak aztertuko dituzte. 

2024/07/10

Otxantegiko epaituari elkartasuna adierazteagaz batera, “polizia-muntaiatzat” jo dute auzia

240709-otxantegi-desalojoa-epaiketa
Epaitutako lagunari elkartasuna adierazi zioten / © Sare Antifaxista
Bilbon epaitu zuten atzo Otxantegiko (Berango) herri-lurrak hustu zituzten egunean Ertzaintzak atxilotutako laguna. Gazteari “atentatua, desordena publikoak eta erresistentzia larria” leporatzen dizkiote. Hala ere, akusazio horiek “polizia-muntaiatzat” jo dituzte bere kideek. Epaiaren zain dago orain. Hala ere, “gertatzen dena gertatzen dela, lurraren defentsan tinko” segituko dutela ohartarazi dute Otxantegikoek. Bitartean, epaitegiaren kanpoaldean, hainbat lagunek elkartasuna adierazi zioten epaitutako lagunari. 
 

2024/07/04

Gizartearen presioak eragin omen du Segurtasun Sailak Silviaren auziaren akusazioa uztea

230928-silvia-arrazakeria-elkarretaratzea
Silviari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea Getxoko udaletxean / © Ecuadior Etxea

Naiz.eus agerkariak atzo zabaldu zuenez, 2018an Silvia izeneko boliviar jatorrizko Algortako emakumea Neguriko komisarian jipoitzeagatik zigortutako ertzainak auzitan jarraitzeari uko egitea ebatzi zuen ekainaren erdialdean. Dirudienez, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak defentsaren kostuak ordaintzen ez jarraitzeko erabakiagatik egin zuen atzera polizia-agenteak. Agatha Libano Silviaren abokatuak adierazi duenez, “gizartearen presioaren ondorioz” hartu zuen erabaki hori Segurtasun Sailak.