2024/11/15

Batxilergo ia osoa ingelesez ipini gura dute Algortako Julio Caro Baroja institutuan

julio-caro-baroja-bhi
© Julio Caro Baroja BHI

D eta A ereduak kenduta, Algortako Julio Caro Baroja BHI ikastetzea Nazioarteko Batxilergora aldatu gura ei dute, hau da, ikasgai ia guztiak ingelesez eskaintzera; besteak beste, euskararen kalterako. GGEBE Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Aldeko Elkarteak Lantzean Behin | Uribe Kostako komunikazio-egitasmoari jakinarazi dionez, Egitasmoa institutuko Eleaniztasun eta Berrikuntza Batzordeetan aurkeztu zuten herenegun eta hilaren 19an Batzorde Pedagogikora eramango dute. "Helburua oso garbi esan zuten: Neguriko eta goi-maila sozioekonomikoa duten inguruetako ikasleak erakartzea", salatu dute GGEBEkoek.
 

2024/11/08

Gaur 21 urte egingo lituzke Ukberri.net agerkariak

ukberri-logo
 
Gaur bete dira 21 urte Ukberri.net agerkari digitala jaio zela, Auzitegi Nazionalak itxitako "Euskaldunon Egunkaria"ren "Bizkaia" gehigarriak eskualdean utzitako hutsunea betetzeko saiakera gisa. 2003ko azaroaren 8an hasita, Uribe Kostako kaleetan gertatutako hamaika borroken lekuko izan zen, 11 urte luzez, eta horiek denak sareetara eroan zituen. 2014ko abenduan eman zuen amaitutzat bere jarduna, "UK" aldizkariko kideakaz eta euskalgintzako eragileakaz batera, Hiruka Komunikazio Taldea sortu ostean.
 

2024/11/06

Atxuriko auzipetuen laguntza-taldea: “Auzora gorroto-mezuak ekartzen dituztenei elkarbizitzarekin eta elkartasunarekin erantzungo diegu”

20191106-vox-atxuri-protesta
© Naiz.eus

Azaroaren 18tik 20ra bitartean bederatzi pertsona epaituko dituzte, duela bost urte, 2019ko azaroaren 6an, Bilboko Atxuriko plazan Voxek antolatutako ekitaldiaren aurrean protesta egiteagatik. Gorroto-delitua leporatzen diete eta, besteak beste, alderdi faxistak 4 urtetik 8 urtera bitarteko kartzela-zigorrak eta isun handiak eskatzen ditu auzipetuentzat. Horren aurrean, elkartasun-ekitaldia egingo dute gaur, 19:00etatik aurrera, Atxuriko plazan. Horren guzti horren xehetasunak eman dizkigu Luix auzipetuen laguntza-taldeko kideak. 

Urduliz Palestinarekin Bat: “Gobernuek beste leku batera begiratzen dute, genozidioa behingoz gelditu beharrean”

241021-urduliz-palestina
Urriaren 21ean, Gernika-Palestina herri-ekimenak deituta, kontzentrazioa egin zuten Urdulizen / cc-by-sa Hiruka
Eguazten honetarako, azaroaren 6rako, bere lehendabiziko ekitaldia antolatu du sortu berri duten Urduliz Palestinarekin Bat taldeak. “Genozidioaren aurrean bertako alternatibak” lelopeko berbaldia egingo dute, 19:00etan, Urdulizko kultur etxean. Eta horri buruz jarduteko, Palestinarekiko Erantzukizuna taldeko lagunak gonbidatu dituzte. 
 

2024/10/27

Anton Fernandezen eta Josu Muruetaren hilketak gogoratzen jarraitzearen beharraz ohartarazi dute

241027-josu-anton-gogoan
© Sare Antifaxista

Aurreko urteetan egin legez, dozenaka herritar batu da gaur, 1969ko kutsaduraren kontrako mobilizazioen testuinguruan, Francoren poliziak tiroz hildako Josu Murueta astrabuduarra eta Anton Fernandez altzagarra gogoratzeko. Aurten 55 beteko dira gertaera horietatik eta, Astrabuduko Josu Murueta plazan egindako ekitaldian, Erandioko Oroimena herri-ekimenka “ezinbestekotzat” jo du oroitzapen-ariketa horregaz segitzea, gertaerok “ahanzturan eror ez daitezen”. Azpimarratu dutenez, hilketa horiengatik “inortxok ere ez zuen erantzukizunik hartu edo azalpenik eman”. Bada, modu ezberdinetan, urte hauetan denetan kutsadura zein Josuren eta Antonen erailketak salatu dituzten pertsona eta taldeak gogoratu gura izan dituzte gaur: Txetxu Aurrekoetxea, Josu Cerrato, Ana Krespo... eta abar luze bat. Halaber aipamen berezia izan dute, Josunerentzat, duela gutxi zendu zen Pili Arenza eta Josu Muruetaren alabarentzat, bere amagaz eta Idoia ahizpagaz batera, urte luzez familiarentzat justizia eskatzen ibili zena.