2024/09/11

Eñaut eta Joseba Alvarez: “Adierazpen askatasuna ukatzen denean, Donostia Mozal Hiria bilakatzen da”

eñaut-joseba-alvarez
© Joseba Alvarez

2023ko San Sebastian bezperan Alde Zaharreko Plaza Berrian presoen etxeratzearen aldeko pankarta bat ipintzen saiatzeagatik, iazko maiatzean 750 euroko isun bana jaso zuten Joseba eta Eñaut Alvarez aita-seme donostiarrek. Horrez gainera, deklaratzera deitu zituzten. Bada, zigor eskaera jaso dute orain: urte eta erdikoa Eñautek eta bi urte eta erdikoa Josebak. Epaiketa egunaren zain daude. 

2024/09/10

Subflubiala Ez! plataforma: "Lamiakoko ibai azpiko tunela: kalte ondorioak izango dituen obra"

240428-subflubiala-ez-bizikleta-martxa
Apirilaren 28ko bizikleta-martxa / © Subflubialari Ez! plataforma

Datorren larunbatean, irailak 21ean, Subflubiala EZ! Plataformakook kalera irtengo gara berriro. Oraingo honetan 12:00etan Artatza parkean hasiko den kanpaldi batekin. Azoka, musika, bertsolariak, ipuin kontalariak eta beste hainbat jarduera izango dira. Horren bidez, Lamiakoko ibai azpiko tunelaren zentzugabekeriaren berri eman eta partekatu nahi dugu. Izan ere, mugikortasun-arazoak konpondu beharrean, larriagotu egiten ditu tunel honek. 

Klaus Armbruster (Baskale elkartea): “Arrazakeria eta xenofobia ez daude faxisten ahotan bakarrik, demokratatzat jotzen dituzten askoren hitzetan ere badaude”

image3 (3)
Klaus Armbruster arduratu da itzulpen-lanez / © Sare Antifaxista

Baskale elkarteagaz lankidetzan, Bernd Langer ekintzaile antifaxistaren “Antifaschistische Aktion. Geschichte einer linksradikalen Bewegung” (Ekintza antifaxista. Ezkerreko mugimendu erradikal baten historia) liburua argitaratu du Sare Antifaxistak, espainolez. Itzulpen-lanez arduratu den Klaus Armbrusterrek eman dizkigu lan horren xehetasunak. “Acción antifascista. Historia de un movimiento de izquierda radical” liburua 20 euroan (gehi bidalketa gastuak / Correoseko tarifa) eros daiteke e-posta (antifaxista.ekintza@gmail.com) edo Whatsapp bidez eskatuz. Horrez gainera, Itzubaltzeta/Romoko Casal liburudendan (Aurrezki Kutxa, 24) eskura daiteke.

Webgunea badauka Uribe Kostako Lantzean Behin komunikazio-egitasmoak

240910-webgunearen-aurkezpena

Azken ukituak eman ostean, gaur aurkeztu du bere bloga Lantzean Behin Uribe Kostako euskarazko komunikazio-egitasmoak. Noizbehinkari digital horretan, tokiko kazetaritza-proiektu xume honek tarteka-marteka plazaratu ohi dituen albiste luzeak eta elkarrizketak irakurtzeko aukera egongo da. Horrez gainera, herri-eragileek helarazitako argazkiak eta bideoak egongo dira ikusgai, webgunean bertan edo horretarako propio sortutako Flickr eta Youtube kanaletan. Kolektibo horien deialdiak eta jarduerak, berriz, Herri Panelean iragarriko dira. “Azken ordukoen” berri X (lehengo Twitter) eta Facebook sare sozialetan ematen segituko du Lantzean Behinek, bitarteko horien denen irudia eguneratu ostean. Instagram ere erabiliko du horretarako. Ondokoa da webgunearen helbidea: lantzeanbehin.blogspot.com

2024/07/28

Palestinaren alde, Carrefourri boikota egitera deitu dute Uribe Kostako jai eta txosna-batzordeek

Berangoko Santa Ana jaietan egin zuten prentsaurrekoa / © Khalas! Palestina-Uribe Kosta

Herriko festetan ere Palestinaren aldeko elkartasuna gauzatzeko, Khalas! Palestina-Uribe Kosta taldeak abiatutako ekimenagaz bat egin dute dozena eta erdi jai-batzorde, txosna-batzorde, txosna eta elkartek. Hala, udaldi honetan Uribe Kostan zehar ospatuko diren jai eta ekitaldietan Palestinaren aldeko jarrera erakutsi eta Israel burutzen ari den genozidioa, garbiketa etnikoa eta apartheid salatuko dituzte. Horiek denek prentsaurrekoa egin zuten atzo, Berangoko Santa Ana jaietan.