2024/10/11

Erresistentzia Antifaxista: “Gutxieneko adostasun-puntu batzuen inguruan, indarrak batu nahi ditugu urriaren 12ko manifestazioan”

Urr 12 "Erresistentzia Antifaxista" manifestazioa (Bilbo)

Urriaren 12a Espainiar Estatuak darabilen “inposizio kultural, ekonomiko, politiko eta militar bortitza” irudikatzen duen data adierazgarria da, Erresistentzia Antifaxistaren ustez. Horregatik, zapatu honetan, Bilboko Indautxu plazatik 12:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu antifaxista denak: libertarioak, abertzaleak, komunistak, anarkistak, antiinperialistak, kolektiboak eta erakundeak, gazte asanbladak, gaztetxeak... “Amankomuneko bideak bilatu eta jarrera hartzeko garaia” dela uste dute. Erresistentzia Antifaxistak aldarrikatu duenez, “batu gaitezen, kaleak har ditzagun, garaipenera arte!”. 

2024/10/08

Josu Muruetaren eta Anton Fernandezen hilketen 55. urteurrena gogoratuko dute urriaren 27an Astrabuduan

Imagen de WhatsApp 2023-10-29 a las 14.49.39_59619fe6
Josu eta Anton gogoratzeko horma-irudia Altzagan,

Aurten 55 beteko dira Francoren poliziak Josu Murueta astrabuduarra eta Anton Fernandez altzagarra tiroz hil zituela, 1969ko kutsaduraren kontrako mobilizazioen testuinguruan. Hala, Erandioko Oroimena herri-ekimenak herritar biak gogoratzeko ekitaldia egingo du urriaren 27an (domekan), 13:00etan, Astrabuduko Josu Murueta plazan. Horrez gainera, Erandion memoria historikoa landu zuten eta dagoeneko gure artean ez dauden Txetxu Aurrekoetxeari, Ana Isabel Crespori eta Josu Cerratori omenaldia egingo diete; baita uztailean zendu zen Josu Muruetaren alaba Josuneri ere.

2024/10/01

Uxue Lakasta (ikasle-asanbladako kidea): “Orain arte eskolarik ez ematea lortu badugu ere, irasle faxista EHUtik kanpora dezatela nahi dugu”

 © Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboa

Leioako campuseko Zuzenbide Fakultatea bete zuten astelehenean ikasleek bertoko irakasle “faxista” kanporatzeko exijitzeko eta auzi honetan EHU izaten ari den jarrera salatzeko. Sare sozialetan “jarrera erreakzionarioak” erakutsi ditu Lan Zuzenbideko irakasleak. “Izaera ultraeskuindarreko eta arrazistako” adierazpenak partekatu ditu, X plataformaren bitartez, mezu matxistak eta homofoboak tartean. Protestei buruzko xehetasunak eman dizkigu Uxue Lakasta auzi honi aurre egiteko sortutako ikasle-asanbladako kideak. 

2024/09/27

Irakasle “faxista” Zuzenbide Fakultatetik kanpo gura dute ikasleek

© Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboa

Zuzenbide Fakultateko irakasle “faxistaren” kaleratzea exijitzeko mobilizatu dira gaur ikasleak. Leioatik! Leioako campuseko proiektu komunikatiboak zehaztu duenez, ikastegi barruan egindako eserialdian, aurreikusita zegoen eskola etetea lortu dute, “Faxistak kanpora” lelopean. Sare sozialetan “jarrera erreakzionarioak” erakutsi ditu Lan Zuzenbideko irakasle horrek. “Izaera ultraeskuindarreko eta arrazistako” adierazpenak partekatu ditu, X plataformaren bitartez, mezu matxistak eta homofoboak tartean. Hainbat iturrien arabera, gaurko ekintza Ernaik hartu du beregain, eta EHUk gertatutakoa gaitzetsi du. 

2024/09/26

Sopelako Udalak herriko kolektiboekiko “mespretxua” erakutsi duela salatu du Txosna Batzordeak

IMG-20240926-WA0004
Sopelako Txosna Batzordearen gaurko prentsaurrekoa.

Larrabasterrako txosnei fidantzaren dirua kendu izanaren inguruan, Sopelako Udalak prentsara zabaldutako oharrean esandakoak gezurtatu gura izan ditu Txosna Batzordeak, ostegun honetan egindako prentsaurrekoan. Eragileak adierazi duenez, “akatsez beteta” dagoen Udaltzaingoaren txostenean oinarritu da tokiko erakundea erabakia hartzeko, gertatutakoak eurekaz kontrastatu barik. Ustez, Jaietako Ordenantza urratu izanaz ari da txostena. Aldebakartasun hori da Txosna Batzordearen haserrea piztu duena: “Arazoa ez da fidantzaren dirua ez berreskuratzea, Udalak herriko kolektiboekiko izan duen mespretxua baizik. Udalak oso erraz ekidin zezakeen egoera hau. Lehendabizi, gurekin kontrastatuz, fidantza ez itzultzeko erabakia partekatuz; eta, gerora, akatsez betetako prozedurari bukaera emanez”, adierazi dutenez.