Bideoa: © Bizarra Lepoan euskara elkartea
"Oztopoak oztopo, euskaraz bizi Getxon!" lelopean, Bizarra Lepoan euskara elkarteak gure hizkuntzaren kontrako (k)oldarraldia, eguneroko trabak eta erabaki politiko atzerakoiak salatu zituen abenduaren 1ean, Algortako Portu Zaharrean egindako performance-ekintza baten bidez. Izan ere, besteak beste, hamar udaltzain-lanpostu berri sortzea erabaki du Getxoko Udalako. Eta horietarik bostei ez zaie euskara jakitea eskatuko.
Zer dela eta erabaki zenuten salaketa-ekintza egitea?
Jakingo duzuenez, iraila bukaeran, beste lanpostu publiko batzuen artean, 10 udaltzain gehiago hartzea erabaki zuen Getxoko Udalak. Hauetako erdiei ez zaie inolako hizkuntza-eskakizunik exijituko.
Egoera honekin kezkatuta, herriko euskaltzale askok gugana jo zuten, eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin zein eragile ezberdinekin batera (sindikatuak, alderdi politikoren bat, euskalgintzan eragiten duten norbanako ezberdinak...) bilera bat egitea erabaki genuen, egoera horri erantzun bat emateko asmoz. Horren emaitza izan ziren azaroren 4an Algorta eta Romon egin genituen mobilizazioak.
Ohartu ginen herrian badagoela euskaltzale aktiboz sortutako sare bat eta hori baliatu nahi izan genuen hizkuntza-eskubideen urraketen inguruko salaketa-kanpaina abiatzeko. Abenduaren 3a gertu genuela ikusita, testuinguru hori baliatu nahi izan genuen salaketa-ekintzaren bat planteatzeko eta Bilboko Guka!-k metroan egindako ekintzan oinarrituta, azaroaren 1eko performancea antolatu genuen.
Ekintza horren bitartez ze mezu helarazi gura izan diezue euskaldun zein euskaltzaleei?
Ezinbestekoa dugula eraso hauei modu antolatuan eta auzolanaren bidez erantzutea eta euskaldunon sare indartsua eratzea. Gure eskubideen urraketak salatzeko, indarrak batzeko eta inguruan eragiteko deia luzatu nahi dugu euskaldunon eta euskaltzaleon artean.
Eta euskararen kontrako oldarraldiaren erantzuleei?
Oldarraldiaren aurrean erantzun antolatua ematen jarraituko dugula, euskaldun guztion hizkuntza-eskubideak bermatuak izan arte.
Abenduaren 1eko ekintzari jarraipena emateko asmoa daukazue?
Esan bezala, badaukagu herrian euskaltzaleen sare bat. Nahiz eta oraindino aurrera begirako dinamikarik ez izan, hau bidearen hasiera dela esan genezake.
Larrialditik indarraldira igarotzeko garaia dela diozue. Zelan?
Euskalgintzaren Kontseiluaren bitartez, 2025an gai hau agenda politiko eta sozialean txertatzea bideratuko da, gaur egun ahulgune bezala identifikatzen baitugu hori. Baina akordio politiko eta soziala bilatzeaz gain, herritarrei prozesuan parte hartzera dei egin nahi diegu. Egunerokoan ekarpenak egitera animatu nahi ditugu herritarrak, hau da, euskaraz egitera, euskaltegira joatera edo kultura euskaraz kontsumitzera. Mobilizazioak ere izango dira 2025ean, eta horietan ere parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.
Zelan egin diezaiokegu aurre euskaldunok oldarraldiari?
Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean erantzuten, arnasguneak elikatzen, mobilizazio sozialetan parte hartzen, egunerokoan euskaraz egiten (lantokietan, administrazioan, ogia erostera goazenean, eskolan…).
Zein bitartekoakaz?
Adibidez, urraketak salatzeko tresnak erabiliz: sare sozialetan #euskarazbizigetxon traola erabiliz, edo Euskararen Telefonoa zein Elebide zerbitzua baliatuz, esaterako).