2025/01/17

Zazpi ikasleri Instagram bidez egindako irain matxistak salatu ditu Aixerrotako Ikamak

Screenshot_20250117_192418_com_instagram_android_InstagramMainActivity
Gaurko kontzentrazioa Aixerrota institutuan / Aixerrotako Ikama

Ikama ikasle antolakundeak deituta, Getxoko Aixerrota BHI institutuko hamarnaka ikaslek, irakaslek eta langilek egin dute elkarretaratzea gaur, atseden aldian, hezkuntza-zentro horretako zein beste ikastetxe batzuetako zazpi bat neskari, sare sozialen bitartez, irain matxistak egin dizkietela salatzeko. Zehaztu dutenez, Instagrameko kontu anonimo batetik egin diete eraso emakume gazteei. Hala, gertatutakoa “onartezintzat” jo du Aixerrotako Ikamak: “Gaur, elkarrekin, ozen eta argi esaten dugu gure institutuan ez dagoela matxismorako, gorrotorako eta jazarpenerako lekurik.”, erakundeko kideek adierazi dutenez. Jarrera horiek desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute. 

Erasotutako ikaskideei “bakarrik ez daudela” jakinarazi diete Aixerrotako Ikamako kideek: “Horiek babesteko gaude hemen, entzuteko eta defendatzeko. Gutako baten aurkako erasoa guztion aurkako erasoa delako”, azpimarratu dutenez. 

Horrez gainera, erasotzaileei zuzendu zaizkie: “hausnartu eragin duzuen kalteari buruz. Aldatzeko unea da, zuen ekintzen erantzukizuna onartzeko eta pertsona hobeak izateko lan egiteko unea”, ohartarazi dietenez. Bestela, “erasorik erantzik gabe ez” dutela argi utzi nahi izan dute.

Aixerrotako Ikamak zabaldutako adierazpena: 

Gaur hemen bildu gara Aixerrota Institutuko komunitate gisa, berriki gertatu den egoera onartezin baten aurka gure ahotsa altxatzeko. Ezin dugu eta ez gara isilik geratuko sare sozialetan gure kideak jazartzeko, iraintzeko eta umiliatzeko erabiltzen den kontu anonimoaren aurrean. Jokabide hori ez da errespetugabea eta krudela bakarrik, gure gizartean eta gure zentroan lekurik ez duten jarrera matxistak ere islatzen ditu. 

Feminismoaren balioetan sinisten dugu tinko. Jarrera eta ekintza matxistek ez dute komunitate hau ordezkatzen, eta argi utzi nahi dugu ez ditugula onartuko. Feminismoa ez da teoria bat soilik; justizia soziala eta ikasgeletatik haratago doan balioetan oinarritutako hezkuntza bultzatzen duen eguneroko praktika da. 

Gaur hemen gaude nahikoa esateko. Nahikoa da min egiten duten jokabideak justifikatzea. Nahikoa da beste alde batera begiratzea. Nahikoa da sare sozialak gorrotorako eta jazarpenerako tresna bihurtzen uztea. Ekintza hauek biktima zuzenak direnak zauritzeaz gain, elkarrekin eraikitzen ari garen sare sozialari ere eragiten diote. 

Gure ikaskideek bakarrik ez daudela jakin dezaten nahi dugu. Horiek babesteko gaude hemen, entzuteko eta defendatzeko. Gutako baten aurkako erasoa guztion aurkako erasoa delako. Ekintza hauetan parte hartu duzuenoi ere zuzendu nahi zaituztegu: hausnartu eragin duzuen kalteari buruz. Aldatzeko unea da, zuen ekintzen erantzukizuna onartzeko eta pertsona hobeak izateko lan egiteko unea. 

Ikamatik, jarrera eta jokabide horiek prebenitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Berdintasunean, errespetuan eta enpatian hezten jarraituko dugu, uste baitugu hezkuntza dela gizarte justu bat eraikitzeko tresnarik boteretsuena. Hezkuntza feminista eta sozialaren bidez, injustiziak zalantzan jarri eta horiek desagerrarazteko lan aktiboa egingo duten pertsonak prestatu nahi ditugu. 

Gaur, elkarrekin, ozen eta argi esaten dugu gure institutuan ez dagoela matxismorako, gorrotorako eta jazarpenerako lekurik. Ikasle antolakunde feminista eta printzipioduna gara, eta hori frogatuko dugu gure ekintzekin egunero. Benetako aldaketa hemen hasten dela uste dugulako, gure hezteko eta elkarbizitzeko moduan. 

Eskerrik asko hemen zaudeten pertsona guztiei kausa hau babesteagatik. Jarrai dezagun elkarrekin lanean Aixerrota hobe baten alde.

Argi gera dadila: ERASORIK EZ, ERANTZUNIK GABE!